AKTUALITATEA


| 2020-03-01 18:59:00

Azken bi urteotan, Harittu prozesuaren baitan, izugarrizko lana egin dugu EH Bilduren komunitatea saretzen eta etorkizunerako zutabeak finkatzen. Ehun herritar baino gehiagok hartu dute parte prozesuan. Hala, lortu dugu hainbat arlotako herritar eta eragilek, etorkizuneko ildoak finkatzeko lanean jardutea. Lan gogorra, baina oso aberasgarria izan da. Komunitatearen ekarpenak, iritziak, proposamenak eta hobetu beharrekoak jaso ditugulako, besteak beste. Maiatzean eman genion amaiera Harittu prozesuari, eta bertan jasotako ekarpenak hauteskundeetako Herri Programan batu genituen. Orain, jaso ditugun ekarpen horiek guztiak hurrengo urteetarako Herri Planean jaso ditugu, denbora lerro baten finkatuta.

Herriari plana itzultzea

Azken bi urteotan lantzen jardundakoa, herriari aurkeztu genion azaroaren 23an Gaztelekuan egin genuen Herri Batzarrean. Plan sendoa da egin duguna, gure herrian ditugun erronkei ausardiaz eta arduraz erantzuteko prestatua. Gure komunitatearekin batera osatua. Hain zuzen, horrexek ematen digu izugarrizko bermea, gure komunitatearekin batera egin dugun plana izateak. Gaztelekuan egin zen batzarrean onartu zen plangintza zehatz eta integral hori; beraz, orain lanerako garaia da. Plangintzatik ekintzetara pasatzeko garaia da.

Ekintza Plana

Hain zuen, Harittu prozesuan irtendako proposamenak kronograma baten baitan jaso ditugu, eta hurrengo lau urteetarako ekintza zehatzak finkatu ditugu, arloz arlo. Beraz, plana eginda dago, ekintzak kronograman zehaztuta eta aurretik martxan dauden proiektuekin uztartuta.  

Herritarren babesa

Udal hauteskundeetara begira, proiektu eta talde sendoa aurkeztu genuen. Eta herritarrok ere hala ikusi zenuten. Horren lekuko da lortu genuen emaitza historikoa: 3620 bozka. Hala, hirugarren agintaldia dugu dagoeneko. Azken urte hauetan gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi dugu, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dugu.

Beste politika eredu bat

Gainerako alderdiak politika instituzionalera mugatzen diren bitartean, guk gure jardun politikoa bi zutabetan oinarritzen dugu: alde instituzionala eta alde soziala. Uste dugulako ezinbestekoa dela herritik herriarendako eta herriarekin lan egitea. Hala, azken bi urteotan Harittu prozesuaren baitan egin dugun bezala, aurrerantzean ere arlokako lan-taldeekin jarraituko dugu lanean. Bere garaian sortu genituen taldeak indartu eta eraberrituko ditugu, gure komunitatearekin batera lanean jarraitzeko.

Jakin, badakigu ez dela erraza. Desberdinen arteko elkarlana eta norberaren gaitasun eta interesak dinamika amankomun batean uztartzea ez da erraza, baina konbentzimendu osoz diogu herritarren ekarpena beharrezkoa izango dela proiektu hau aurrera ateratzeko. Arlo desberdinetan lanean ari diren herritarren laguntza eta ekarpenak ezinbestekoak izan zaizkigu orain arte, eta aurrerantzean ere herritarrekin eskuz esku lanean jarraitzea da gure asmoa. Desberdinen arteko elkarlanean eta lidergo partekatuan oinarritutako kultura politiko berri bateranzko urrats garrantzitsuak eman ditugu azken urteetan, eta bide horretan sakontzea beste modurik ez dago aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Hori da gure konpromisoa.

EH Bildu sarea

Hain zuen, hori aurrera eramateko eskuartean dugun beste erronka nagusia da EH Bildu sarea egunez egun zabaltzen joatea. Azken bi urteotan herritar askok hartu dute parte Harittu prozesuan, baina argi dugu komunitatea zabaltzen eta osatzen joan behar dugula. Herritar guztion beharra dugu. Guztiok gara ezinbestekoak. Gure helburua izan behar da ahalik eta jende gehienarengana iristea, zenbat eta ahots gehiago izan, orduan eta aberatsagoa eta indartsuagoa izango delako gure jarduna. Horregatik, zabalik ditugu ateak eta planak irekita jarraitzen du proposamen berrietara. Gure proiektuan parte hartzera animatzen zaitugu, guztiok daukagulako zer esan eta zer egin.