AKTUALITATEA


| 2020-06-14 17:26:00

Ezkerreko agenda soziala eta ekonomikoa dutenek, hain zuzen. Alderdi horiek hautesle gazteak irabazten ari dira bereziki, eta boto kopurua etengabe handitzen ari den Europako ezkerraren zati bakarra islatzen dute.

Irlandan, Seinn Féin lehen indarra

1961etik 1997ra bitartean, Irlanda Batua helburu izanik, Sinn Féinek ez zuen eserlekurik eskuratu Irlandako Parlamentuan. 1998ko Ostiral Santuko Hitzarmenaren ondotik, ordea, alderdi errepublikanoak igoera mantsoa baina etenik gabekoa izan zuen Irlandako hegoaldean. 2020ko otsaileko hauteskundeetan, berriz, izugarrizko biraketa jasan du: lehen postuan sartu da Sinn Féin botoen %24,5 eskuratuta. Emaitza hori azken 97 urteetako onena izan da hegoaldean, eta lortutako babesa %11 handiagoa 2016ko hauteskunde orokorrekin alderatuta. Sinn Féinen garaipena, halere, euroguneko krisiaren testuinguruan ulertu behar da. Hamarkada bateko herstura ekonomikoaren ondotik, etxebizitza kostuen murrizketa eta osasun arloan inbertsioak eskatzen dituen gehiengo gazteen botoak eskuratu baititu alderdiak.

Eskozian, SNP nagusi

Eskozian, Alderdi Nazionala (SNP) botere politiko nagusia bilakatu da azken hamarkadan: 2014ko independentzia erreferendumetik, Eskoziako sei hauteskundeak irabazi ditu SNPk. Areago, iazko abenduko hauteskunde orokorretan, SNPk eskoziar eserlekuen %80 irabazi zituen; bigarren “indyref”-erako (independentzia erreferenduma) eskaerak berpiztuz. Eskoziako Parlamentuko agintean izan da SNP 2007tik, eta beti ezkerretik gobernatu ez duen arren, Erresuma Batuko alderdi kontserbadorearen hamarkadako estura politiken aurka agertu da.

Katalunian, ERC indartsu

Katalunian, Esquerra Republicana-k (ERC) inoizko emaitzarik onena lortu zuen Espainiako hauteskunde orokorretan: 13 eserleku eta botoen %22,3. Quim Torra buru duen independentziaren aldeko koalizio gobernua Bartzelonan amilduko balitz ere, Kataluniako aurtengo hauteskundeetan, indar independentistek gehiengo konbinatua irabazteko bidean leudeke inkesten arabera. ERCk hauteskundeak irabazteko aukera handia izango luke.

Euskal Herrian, EH Bildu gora

Euskal Herrian, EH Bilduk bere emaitzarik onena lortu zuen Espainiako hauteskunde orokorretan. Zazpi hilabete lehenagoko hauteskundeetan baino %2 babes gehiago (%18,7 guztira) eta bost ordezkari eskuratuta, hain zuzen. Horrez gain, inkestek iradokitzen dute EH Bilduk babes are handiagoa eskuratuko duela, EAEko hurrengo hauteskundeetan.

Sozialdemokraziaren porrota

Nola azal liteke alderdi ezkertiar eta subiranisten gorako joera hori? Kontuan hartu beharreko faktore politikoak, soziologikoak eta instituzionalak daude. Politikoki, Europako sozialdemokraziak gainbehera historikoa jasan du 2008az geroztik. Zentro-ezkerreko alderdien konplizitateak, soldatak izoztu eta desberdintasun sozialak areagotu diren hamarkada honetan, ‘Pasoknifikazioa’ ekarri du. Greziako Pasok alderdi politikoaren izenetik dator hori, bere burua suntsitu zuen austeritate politiken aginduetara makurtzeagatik. Alderdi subiranistek babesa irabazi dute, Europako sozialdemokraziaren porrotaren aurrean, benetako ezkerreko alternatiba eskaintzen dutelako.

Soziologikoki, nortasun nazionalaren indarra ahulduz joan da globalizazio garaian; bereziki, britainiar edo espainiar atxikimendu txikia duten gazteen artean. Testuinguru horretan, estaturik gabeko nazioen nortasuna politikoki indartu daiteke; besteak beste, estatu zentralaren kontra-kultura gisa. Estatu independentearen aukerak onarpen zabala dauka, bestelako gizarte eredua lortzeko bidean. Instituzionalki, ezker subiranismoa oso ondo kokatuta dago ordezkatzen dituen komunitateetan; estatu inperialen aurkako borroka historikoetan errotutako tradizio politikoak dituztelako. Bai Euskal Herriko eta Irlandako gatazka armatuen garaian, baita Katalunian zein Eskozian izandako azken independentzia erreferendumetan ere. Sustraitze horrek hauskaitzago egin du espazio hori; bai, behintzat, 2008az geroztik sortutako ezkerreko alderdiekin alderatuta.

Orain, ezker subiranismoak asmatu egin behar du nola itzuli hauteskundeetan jasotako babesa estatu independentea lortzeko estrategian; nazio desberdinen autodeterminazio eskubidea onartu nahi ez duten estatu inperialisten hortzen aurrean, alegia.