AKTUALITATEA


| 2020-06-14 17:39:00

Jule Goikoetxeak “Demokraziaren Pribatizazioa” liburuaren lehen kapituluan dio: “Demokrazia pribatizatzeko, kendu behar diezu komunitate politikoei beren burua gobernatzeko gaitasun territoriala eta politikoa“.

Euskal Herrian, erabakitzeko eskubidea ukatua duen komunitate politikoa den heinean, gure burua gobernatzeko gaitasuna kentzera bideratutako praktika asko bizi izan ditugu eta bizitzen ari gara egun ere. Gaitasun murrizketa horretan demokraziaren pribatizaziorako urratsak egiten ari dira eta horretaz jabetzea ezinbesteko dugu. Demokraziaren bitartez espazio publikoa zabaltzen bada, pribatizazioak kontrako norabidean jotzen du, eta esku pribatuetan (ez direnak hautatu, ez dutenak herriaren zilegitasunik) jartzen ditu eskubideak, erabakiak hartzeko ahalmena eta instituzio publikoak, bai eta ondasun kolektiboa, jakintza, osasungintza, hezkuntza, baliabide naturalak eta autoritate politikoak ere.

Euskaltelen kasua bakarra izan ez arren adibide ezin hobea da aipatutako guztia nola egikaritzen den ikusteko, nola modu lotsagabean ehun industrial eta teknologikoa, kolektiboa izateari utzi eta esku pribatuen mesedetan galtzen dugun ikusteko.

Iragana, egiaren ispilu

Historia pixka bat eginaz 1992. urtera arte egin behar dugu atzera. Sasoi horretan Eusko Jaurlaritza Euskalnet izeneko enpresa publikoaren bitartez zuntz optikodun komunikazio sare bat eraikitzen hasi zen. Hasiera batean Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotzeko asmoa zuen komunikazio sare hori 12.000 milioi pesetetan baloratu zuen industria sailburuak. EAEko herritar guztion artean ordaindutako 12.000 milioi peseta inbertsio estrategiko baterako, hau da, ondasun kolektibo bat sektore estrategiko batean: telekomunikazioak. 

Hiru urte beranduago, 1995ean, Eusko Jaurlaritzak telekomunikazio operadore gisa aritzeko lizentzia lortu ostean, Euskaltel sortzen da. Garai hartan hitzartutakoaren arabera, Euskaltelek Jaurlaritzak diru publikoz eraikitako zuntz optikodun telekomunikazio sarea erabiltzearen truke alokairu bat ordainduko dio gobernuari.

Denbora gutxira, Jose Antonio Ardanzak lehendakaritza eta politika utzi eta Euskalteleko presidente izatera pasako da. Honi, nahi bada, ate birakari bikoitza dei diezaiokegu, Ardanza bera diru publikoz sortu zuen enpresa presiditzera pasa baitzen.

EAJren pribatizazio nahiak

Esan bezala Euskaltel diru publikoz sortzen da (ondasun publikoa, beraz) eta bere lehen akzionistak Eusko Jaurlaritza bera (%40) eta garai hartan kontrol publiko garrantzitsua zuten hiru kutxak (%60) izan ziren. Hiru kutxek, kontrol publikoa izateaz gain, euskal ekonomiarekin eta gizarte ongizatearekin konpromiso handia zuten garaiak ziren haiek. Hauek esku pribatuetara pasatzeko egin duten ibilbidea beste baterako utziko dugu, beste sektore estrategiko bat (finantzak) ondasun kolektibo izatetik ondasun pribatura pasa dena. Pena.

EAJk ez du inoiz arazorik izan diru publikoz enpresak sortzeko. Are gehiago, azkar pribatizatzeko ohitura txarra izan ohi du, hau da, denon diruz eraikitakoa gutxi batzuen esku uztekoa. Hala gertatu da Euskaltelekin ere. Behin lizentzia lortu eta negozioa martxan jarrita, bazkide berrien bila hasi zen. Hori bai, euren asmoa %51arekin eta kontrol publikoarekin geratzea zela zioten.

Orange azaltzen da

Kanpo kapitala eta bazkide handiak bilatzeko lan horretan Orangekin egiten dute topo eta akordio batetara iristen dira. Gerora akordio hori puskatu eta operazioak 222 milioi eurotako isuna suposatu zion Euskalteli.

Isunari aurre egiteko, Kutxabank burtsara atera nahi izateagatik zigortua izan zen Mario Fernandezek, Euskaltelen pribatizazioa jarri zuen martxan, entitate publikoa enpresaren %49az geratu zedila planteatuz. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Euskalteli herritar guztion artean ordaindu genuen zuntz optikoa saldu zion prezio ezin-hobean, hau da, merke-merke. Zergatik saltzen da? Euskaltelek 222 milioitako zorra (isun) zuelako eta inbertsore posibleentzat erakargarriago egitea beharrezkoa zelako. Eta noski, EAJk pribatizazioa atsegin
duelako, beti ere zergapekoak garenon kontu egiten bada.

Putreak etxe barruan

Orduan inbertsio funtsak eta atzerriko kapitala sartzen dira, txirrindulari taldea desegiten dute, langile kopurua %30ean murrizten dute eta gainontzekoen lan baldintzak kaskartzen dira. Enpresak argiki galtzen du herriarekiko sustraitzea eta sortu zuten pertsonekiko eta lurraldearekiko konpromiso soziala. Behin inbertsio fondoak eta kontseilari putreak barruraino sartuta, kaltea sortuta dago. 

2015ean, beste urrats bat egin eta Euskaltel burtsara ateratzea erabaki zuten. Operazioaren bonus gisa zuzendaritzako kideen artean 44 milioi euro banatu zituzten. Bai, 44 milioi euro! Eskandalua publiko egin zenean, eta oraindik instituzio publikoak akzionista garrantzitsuak zirenez, zuzendaritzak Eusko Legebiltzarraren gaitzespen zabala jaso zuen. Baina dagoeneko egina zegoen gaitzespen batek konpondu ezin duen kaltea.

Pixkanaka-pixkanaka Zegona Euskaltelen kontrolarekin egiten da. EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek Eusko Jaurlaritzari akzioak erostea proposatu zioten, Euskaltelekiko kontrol publikoa galtzea ekiditeko, baina EAJk ez zuen onartu.

Zegonak Jose Miguel García Fernandez izendatu zuen zuzendari kontseilari eta honek aurtengo martxoan iragarri digu hurrengo urteetarako telekomunikazio enpresaren plana. Zegonak zuntz sarea saltzeko asmoa agertu du (Jaurlaritzak merke-merke saldu ziona telekomunikazio enpresari 2012an) hedatze prozesua finkatu eta zorrak murrizteko. Eusko Jaurlaritzak adierazi du “ezer gutxi” egin ahal izango lukeela Zegonak sarea ez saltzeko.

Boterea, esku pribatuetan

EAEko herritarrok Euskaltel abiarazteko dirua jarri genuen, baita zuntz optikoa ordaintzeko eta zeharka isuna ordaintzeko ere. Eta gaur egun, Jaurlaritzaren bedeinkapen guztiekin, irabaziak ematen zituen enpresa publiko bat funts pribatuen eskuetan dugu. Azal diezaguke norbaitek zergatik pribatizatu behar den zerbitzu publiko estrategiko bat ematen duen enpresa bat? 

Indarrean dauden politika neoliberalek esku pribatuetan jartzen dituzte jendartea autogobernurako boteretzen duten mekanismoak, hala nola, eskubideak eta ondasunak. Boterea berez zerbait txarra dela esaten dutenen aurrean, uste dugu teknologiak botere publiko izan behar duela, askatasuna eta berdintasuna lortzeko tresna gisa erabil badaiteke. Izan ere, botere edo mekanismo berberak balio dezake herritarrak ahalduntzeko edo boteregabetzeko. Gakoa da mekanismo horiek zein alderdi politikoren esku dauden.