AKTUALITATEA


| 2020-05-15 20:12:00

EAJk euren negozioak itxita eduki behar izan dituzten eta ekonomikoki itota dauden milaka eta milaka langile autonomoei azaldu behar die ez dela premiazkoa Legebiltzarrean haientzako laguntzei buruz eztabaidatzea. EAJren jarrera, EH Bilduk helburu horrekin aurkeztutako proposamena tramitera onartzeari uko eginez, irain ikaragarria da merkataritzan, ostalaritzan, turismoan eta bestelako sektoreetan aritzen diren autonomoentzat, are gehiago Jaurlaritzak gaizki eta berandu iragarri dituen dirulaguntzak oso motz geratzen direnean, autonomoek beraiek ere salatu dutenez.

EH Bilduk berriro salatu behar du EAJk, PSEren babesarekin, Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari dela etengabe, gaurkoan EH Bilduren legez besteko hiru proposamen atzera botatzeko. Antza, egoera kritiko honetan gezurra dirudien arren, EAJren iritziz ez da premiazkoa ez autonomoak babesteko neurriez, ez ikasturte amaiera hezkuntza eragileekin adosteaz, ez etxebizitza gastuak arintzeko laguntzez eztabaidatzea. Horiek ziren EH Bilduren proposamenen helburuak, baina EAJk eta PSEk horiei buruzko eztabaida bera ere galarazi dute. Hala, Diputazio Iraunkorra astelehenean batzartuko da, baina gai bakar bat eztabaidatuko du, familientzako laguntzak hobetzeko EH Bilduren legez besteko proposamena. Izan ere, Elkarrekin Podemosek Osakidetza sendotzeko aurkeztutako ekimena ere atzera bota dute gobernuko alderdiek.

Autonomoak babesteko proposamena eztabaidatu gabe atzera botatzea bereziki larria da. Nafarroan adostu dutena EAEn egitea proposatu du EH Bilduk, pandemiaren ondorioz itxi behar izan duten autonomoei 2.200 euroko laguntza bat emateko. Kontuan hartu behar da autonomoen egoera kritikoa dela, milaka lanpostu eta negozio kolokan daudela eta autonomoek beraiek Jaurlaritzak iragarritako laguntzak oso eskasak direla ohartarazi dutela, baina, hala eta guztiz ere, EAJk EH Bilduren proposamena blokeatu du haren lehentasuna Urkullu Gobernuaren politiken gabeziak ezkutatzea delako, ez autonomoen egoera hobetu dezaketen neurriak aztertzea.

Halaber, Jaurlaritzaren nora ezaren ondorioz hezkuntza komunitatean anabasa erabatekoa den honetan, ulergaitza da ikasturte amaieraren baldintzak sektoreko eragileekin adosteko proposamena eztabaidatzeari uko egitea. Gaur bertan jakin dugu Hezkuntza Sailak azkenean atzera egin duela eta eskoletara itzultzeko data hilaren 25era arte atzeratzea erabaki duela. Egoera honetan are premiazkoagoa zen EH Bilduren proposamena eztabaidatzea, Lakua garaiz dagoelako ikastetxeetan bete beharreko baldintzak eta protokoloak hezkuntza komunitatearekin adosteko, baina EAJk Urkullurentzat deserosoak diren debateak saihestea lehenetsi du berriz ere.