AKTUALITATEA


| 2020-03-01 18:48:00

1-Herrialde bateko maila demokratikoa, besteak beste, bere sistema penitentziarioaren egoeraren arabera neurtzen dela esan ohi da. Zein da espainiar Estatuko espetxeetako gaur egungo egoera?

J.A.: Tamalgarria da. Espainiar Estatuko espetxe sistema zaharkituta dago: ez da gardena, inongo kontrol publikotik at dago eta kontrol judizial eskasekoa da. Horrek ahalbidetzen du espetxeetan giza eskubideen urraketak inpunitatez ematea.

Kartzeletan gizartetik kanporatu nahi diren eta, oro har, alarma baxuko delituak burutzen dituzten pertsonak daude. Orokorrean baldintza sozioekonomiko baxuenak dituztenak eta jabetza pribatuaren aurkako delituak edo eskala txikiko trafikoarekin lotutakoak egin dituztenak dira nagusi.

Horietako askok beste mota bateko zigorrak bete beharko lituzkete, baina, espetxea da egungo Espainiako Zigor kodearen zehapen nagusia. Gainera, 2003an egindako erreformak eragin du espetxealdiak luzatzea eta zigor osoa baldintza eskasetan betetzea.

2-Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Autonomia Estatutuak espetxe eskumena jasotzen du. Zein da egun EAEk duen autonomia maila espetxe-politika kudeatzeko?

L.U.  Egun osasun eskumenak daude soilik transferituta, Estatutuak dioen arren EAEk espetxe sistema kudeatzeko eskumena izan beharko lukeela; ez da legea bera betetzen. Horrek esan nahi du espetxe antolamendua, programak, eraikinak, zigor alternatiboen ezartzea eta beste hainbat auzi Espainiaren esku daudela, eta gauzak gaizki egiten dira.

3-Espetxe eskumenaren transferentzia ez ezik, espetxe-politika alternatibo bat ere proposatzen duzue. Zein aukera zabalduko lituzke eredu berriak gatibu direnentzat eta Euskal Herriarentzat?

 J.A.: Guk ez dugu espetxe eskumena transferitu nahi Espainiar gobernuak duen espetxe sistema birproduzitzeko. Catalunyan bezala (han espetxe eskumena aspaldi transferitu zen) gauzak beste era batera egin nahi ditugu: jendearen espetxealdiak laburtu, bizitza erregimenak arindu, lan egiteko aukera eman, giza eskubideen errespetu erabatekoa erdietsi eta kanporatzerakoan bizitza bat osatzeko eta gizartean txertatzeko bermeak lortu. Egungo sistemak pertsonak izozkailuan gorde eta ateratzerakoan sartu zirenean baino baldintza okerragoetan ateratzea dakar. Hori ez da espetxeak bete beharko lukeen funtzioa.

 Beraz, gure aburuz eskumena transferitzeak beste sistema bat ezartzea inplikatzen du ezinbestean, hemen gauzak hobeto egin ditzakegulako. Horregatik egin dugu 100 neurri proposatzen duen lana.

4-EAEko gobernuak, PNVk eta PSEk, zein jarrera agertu dute preso guztien (politiko, sozial, ekonomiko) auzian lan egiteko?

L.U.:  Eusko Jaurlaritzako alderdientzat gai konplikatua da. Ez dute ausardiarik erakutsi eskumen honen transferentzia, legez guri dagokiguna, borrokatzeko. Ez dute landu proposamen seriorik; guk bai, ordea. Espetxeen kudeaketa hona ekarriko balitz ezarri beharko litzatekeen sistemaren inguruan lanean dihardugu. Guk eraman ditugu parlamentura herri honetako elkarte, osasun publikoko agente, espetxe zaintzako epaile eta funtzionarioak, eurek esateko dutena entzun eta proposamen landua egiteko. Horrekin eta herritargoan eman behar den eztabaidarekin gai izan behar gara egungoari buelta emateko. Izan ere, euskal herritarrak gizarte garatu eta heldua gara eta inkestek diotenaren arabera herritarrok garbi dugu egungo espetxe sistemak ez duela bergizarteratzeko balio.

5-Katalunian dagoeneko Generalitatearen konpetentzia da bertako espetxe sistema. Zuek haien esperientzia ezagutzera hurbildu zarete. Bestalde, Norvegiako kasua ere aipatzen duzue. Zein irakasgai atera duzue haiengandik?

J.A.: EH Bilduko delegazio bat hurbildu ginen Lledonersera (Catalunya). Bertako espetxean izan ginen; baita hango gobernuko kideekin eta hainbat elkarterekin bildu ere. Sindic edo arartekoarekin, kasu. Espetxearen gaia oso landua dago han. Parlamentuak bertako espetxeen kontrola du; gardenagoa eta giza eskubideekiko errespetuzkoagoa da. Orain Norvegiara goaz Legebiltzarreko delegazio bat, han oso aurreratuak baitaude. Ezin gara konformatu, badago gauzak egiteko beste modu bat, delituaren aurkako borrokan eraginkorragoa dena eta pertsonei min gutxiago egiten diena. Guk ere horrelako zerbait egin dezakegu.

6-Ehun neurri dituzue xede. Denak ala denak dira espetxearen eredu berria aintzat hartzen dutenak. Zein printzipioetan oinarritzen dira?

 L.U.: Espetxeetan daudenak pertsonak diren heinean, beraien eskubideak bermatu behar dira eta lagundu egin behar zaie dituzten arazoak konpontzen eta kaleratzen direnean bide duin bat garatzen. Horretarako laguntza behar dute: laneko trebakuntzan, ikasketetan, drogomenpekotasunetik askatzeko planetan, familiekin harremanetan, euren kargu dituzten umeen zaintzan, eta abar. Kartzela segurtasun irizpideetatik bergizarteratze irizpidetara pasatzea da printzipio nagusia, Nazio Batuen irizpideak eta Mandela arauak diotenari jarraituz.

7-Planteamenduak preso guztiei eragingo lieke. Zein da batik bat Euskal Preso Politikoei egingo lieken ekarpena?

J.A.: Alde batetik, guk eskatzen dugu EAEn egoitza administratiboa duten guztiak EAEko kartzeletara transferituak izatea eta kontrara, hemen dauden eta errolda kanpoan duten guztiak beraien bizitokitik gertu dauden espetxetara eramatea. Horrek euskal preso politikoen kasuan eragin nabarmena dauka ehunka kilometrotara baitaude gehienak.

Bestetik, espetxealdia bertoko epaileek kontrolatzea ekarri beharko luke, egun Madrilgo espetxe zaintzako epaile batek kudeatzen baititu espedienteak. Gainera, esperientziak argi utzi digu ebazpenak irizpide ez juridikoetan oinarritzen direla: kartzelatik ateratzeko baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak ematerakoan, adibidez. Salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea dugu helburu.

8-Estatutu-esparruak, hala ere, ez du ahalmenik ematen zigor-arloko eta espetxe-erregimenari buruzko legeak emateko, eta are gutxiago botere judizial propio bat izan eta lege horiek interpretatu eta aplikatzeko. Zein da honen aurrean proposatzen duzuen irtenbidea?

L.U.: Egungo Autonomia Estatutua oso kaxkarra da eta ez da betetzen. Berrogei urte ondoren oraindik 37 eskuduntza transferitzeke daude. Hori gutxi ez balitz, eskumenak ditugun arloetan Madrilek ez digu biderik ematen gure burua kudeatu eta antolatzeko, errekurtsoak eta beste hainbat trikimailu erabiliz. Horrenbestez, gehiago nahi dugu: gure zigor kode propioa eta espetxe lege propioak. Azken buruan, Estatu tresnak nahi ditugu, subiranotasuna erabatekoa. Beraz, espetxe eskumena transferitzeaz gain, gure herria Estatu propio bat izateko lanean jarraituko dugu.