AKTUALITATEA


| 2021-05-06 19:33:00

Udaletxeko balkoitik presoen etxeratzea aldarrikatzen duen banderola kentzeko iritsitako agindua publikoki salatu nahi dugu. Ez dugu ulertzen batzuek politika judizializatzeko duten zaletasuna, errekurtso bidez gure lana etengabe oztopatzeko duten joera. 

Argi ikusten dugu tankera honetako saiakerek helburu bikoitza dutela: herri hau iraganean kateaturik mantentzea, eta gure eguneroko jardunari trabak jarri eta horrelako tirabiretan indarrak galaraztea. EH Bildu indartsu ikusteak min ematen die sektore batzuei, eta gurpilean makilak jarrita desanimatuko gaituztela uste dute. Oker daude. 

Egoera aztertu ostean, banderola kentzea erabaki dugu, joko horretan erori eta katramilatzea delako, hain zuzen ere, haiek bilatzen dutena. Hala ere, EH Bilduren udal taldetik bakea eta bizikidetzaren aldeko gure apustu eta konpromiso irmoa berresten dugu. Bada ordua Euskal Herriak gatazka armatuaren zikloa ixteko eta zauriak josteko, eta zentzu horretan, preso eta erbesteratuen etxeratzeak berebiziko garrantzia du. Bide batez, herritarrei dei egiten diegu aurrerantzean ere pero eta iheslarien aldeko aldarrikapenekin bat egiten jarraitzeko.