Burujabetzaren aldarria dago EH Bilduren ekintza politikoaren erdigunean. Zergatik horrenbesteko garrantzia?
Burujabetza EH Bildurentzat ongizate handiagoaren seinale delako, hain zuzen ere. Beste batzuek aldarri hori identitate kontua dela esan ohi dute; guretzat, berriz, ez da bandera kontu bat soilik, ongizate kontu bat ere bai. Burujabetzak esan nahi du: gure pentsio sistema aukeratu ahal izatea, lan baldintzak hemen fi nkatu ahal izatea eta hezkuntza sistema propioa eraiki ahal izatea gure ekonomia erronken arabera, eta ez hirugarrenen premien arabera. Azken batez, burujabetzak esan nahi du babes sozialerako sistema publiko eraginkor bat hemen antolatu ahal izatea. Horrenbestez, burujabetza zuzen-zuzenean lotuta dago afera materialarekin, hots, ongizatearekin.
Zergatik uste duzu bertan erabakitzeak jendearen eskubideak bermatzeko eta herri honen etorkizuneko erronkei erantzuteko baldintza hobeak eskaintzen dituela?
Bi arrazoi nagusirengatik. Lehena lotuta dago erabaki markoen hurbiltasun edo urruntasunarekin. Frogatuta dago aspalditik erabaki markoak jendearengatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta eraginkorragoak direla erabakiak jendearen interesei eta beharrei erantzuteko. Horregatik, askoz ere eraginkorragoak izango dira
politikak baldin eta erabakiak Gasteizen eta Iruñean hartzen badira, eta ez Madrilen edo Bruselan.
Bigarren arrazoia indar harremanarekin lotuta dago. Jakina da Ebrotik beherako edo, oro har, espainiar estatuko indar harremana zein den. Bertan eskuinak eta, are gehiago, eskuin muturrak askoz ere indar gehiago du Euskal Herrian baino. Hortaz, gure buruari egiten diogun galdera hurrengoa da: zer dela eta egon behar du gure gizarteak Ebrotik beherako indar harreman horien menpe? Euskal Herrian egon badago indar harreman bat gizarte gehiengoen behar eta interesen askoz aldekoagoa; langile eta herri sektoreen aldekoa, alegia. Euskal Herrian badaukagu klase sindikalismo bat borrokalaria Espainian ez dutena. Euskal Herrian badaukagu ezkerreko subiranismo bat EH Bildun hezurmamitua espainiar estatuan ez dagoena. Hemen aukerak daude askoz ere politika aurrekoiagoak egiteko. Horretarako, noski, beharrezkoa dugu inoren menpe ez jarraitzea eta gure kabuz erabaki ahal izatea.
Norabide horretan urratsak emateko herri akordioen garrantzia azpimarratu izan du EH Bilduk, baina, badirudi gainontzeko indar politikoak bederen ez daudela bide horri ekiteko prest. Zein irakurketa egiten duzu batez ere EAJk eta Podemosek legebiltzarreko estatusaren komisioan mantendu duten jarreraren inguruan?
EAJk eta Podemosek uko egin diote herri honen erabakitzeko eskubidea defendatzeari, autodeterminazio eskubidea defendatzeari eta, azken batean, burujabetzari. Horrekin uko egiten ari dira herri honetan ongizate handiagoa eraiki ahal izateari. Gogoan hartu behar da biek ala biek 2016ko hauteskunde programan gai hori jaso zutela, eta uko egin diote. Podemosek, horrez gain, uko egin dio ere ezkerreko alternatiba bat eraikitzeari, noiz eta EAJren makulu bihurtu denean. Baldintza horietan guk esaten dugu alternatiba bakarra EH Bildu dela, bai burujabetzan aurrera egiteko, baita alternatiba aurrerakoi bat eraiki ahal izateko ere.
Podemosek dio eskubide sozialak lehenetsi behar direla. EH Bilduk, berriz, eskumenetan jartzen du arreta, ez baitio zentzurik ikusten eskubide sozialak zerrendatzeari, haiek babestu eta blindatzeko eskumenik ez badago. EAJren formula, aitzitik, bestelakoa da: Espainiarekin akordioak bilatzen ditu haustura formularik onartu gabe. Nola baloratzen dituzu bi jarrera hauek?
Podemosen jarreraren aurrean, EH Bilduk argi dauka burujabetza eta eskubide sozialak ez direla banatu daitezkeen bi elementu. Eskubide sozialak erdiesteko beharrezkoa dugu burujabetza; izan ere, frogatu dugu burujabetza gabe ez daukagula aukerarik ez pentsioak hemen erabakitzeko, ez lan baldintzak hemen fi nkatzeko, ez etxebizitza lege propio bat aurrera atera ahal izateko –errekurritu eta kamustu egin zigutelako–, etab. Beraz, ez dago bereizketarik eskubide nazional eta sozialen artean. Biak dira bat.
Bestalde, EAJk dio Espainian ez dela giro eta ez duela zentzurik guk hemen burujabetza edo erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeak, Espainiak aukerarik emango ez digulako. EH Bildun ez dugu gure burua engainatzen eta oso kontziente gara Espainiako giroaz eta bertan eman ahal den eboluzioaz. Edonola ere, horrek ez du esan nahi gure eskubideei uko egin behar diegunik. Uko eginez gero, orduan, dagoeneko, Estatuak irabazi duelako.
Gainontzeko indar politikoekin ezinezkoa bada, gizartea geratzen zaigu. Nola ikusten duzu herri honetako gizartearen pultsua? Aurreraka edo atzeraka goaz?
Uste dut nabarmen aurrerantz goazela. Azken urteetan azken hamarkadetako mobilizazio indartsuenak izan dira; kasu askotan aurretik ikusi gabekoak, gainera. Hor izan dira emakumeak, martxoaren 8an, kasu. Greba kontzepzio berri oso bat mahai-gaineratzea lortu dute. Pentsionistak ere astelehenero dira beraien eskubideen defentsan. Autoritarismoari aurre eginez eta demokrazia aldarrikatuz jardun dute gazteek ere, Altsasuko auziaren harira. Horiek guztiak erabakitzeko eskubidearen edo burujabetzaren aldeko aldarriak dira, Gure Esku Dagok eta beste hainbat eragilek egin dituzten mobilizazio erraldoiekin batera.
Hori dela eta, guk ikusten dugu badagoela herri honetan gehiengo sozial bat aurrekoia, subiranista, feminista eta ekologista dena. Are gehiago, elektoralki nagusi den EAJri gustatuko litzaiokeena baino askoz jendarte handiagoa da aurrerazalea Euskal Herrian. Beraz, erronka hurrengoan datza: batetik, gehiengo sozial hori aktibatzea eta mobilizatzea; bestetik, termino elektoraletan proiektatzea.
Badirudi historikoki independentziaren aldarria gizarteko sektore abertzale eta euskaldunenetan nabarmendu izan dela. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka badoaz beste herri sektore batzuk ere horrekin bat egiten. Zer esango zenioke euskalduntasun identitarioan kokatzen ez den pertsona bati? Nola konbentzitu burujabetzaren beharraz?
Euskalduntasun identitarioan kokatzen ez den pertsona bati esango nioke independentziak ez duela zerikusirik banderekin soilik. Burujabetzak ongizatearekin du zerikusia, batez ere; arlo guztietan hemen erabakitzeko aukera izatearekin, hain zuzen ere. Ondorioz, pentsio, lan baldintza, hezkuntza sistema, babes sozialeko sistema eta abar hobea izatearekin. Horrez gain, galdera bat luzatuko nioke: zer nahiago duzu, zure burua zuk zeuk gobernatu ala hirugarren batek gobernatzea? Zer dela eta gobernatu behar gaituzte beste batzuek? Ez gara adingabekoak, ezta ezinduak ere. Bistan da, ez garela inor baino gehiago, baina, ezta inor baino gutxiago ere. Zergatik izan behar dugu orduan, esaterako, espainolek, frantsesek, italiarrek edo alemaniarrek baino autogobernu gutxiago? Zer dela eta beraiek beraien burua goberna dezakete eta guk ez?
EH Bilduko Madrileko diputatu Mertxe Aizpuruak berriki adierazi du beraien helburua Madril mugiaraztea dela, bakarrik ez delako mugituko. Zer espero dezakegu Madrilgo gobernu “progresistarengandik”?
Uste dut afera ez dela horrenbeste esperoan egotea; afera da behartzea. Hau da, guk behartu behar dugu gobernu hori etxeko lanak egitera. Lehentasuna da Estatuaren sakoneko demokratizazioa bultzatzea, soil-soilik posible izango dena onartzen badu bere nazio aniztasuna eta bere baitako herrien erabakitzeko eskubidea edo burujabetza. Hala eta guztiz ere, argi dugu konponbideak ez zaizkigula Madrildik iritsiko; Euskal Herrian aurkitu behar ditugu. Horretarako, Euskal Herrian behar besteko gehiengoak eraiki eta prozesu eratzaile, subiranista eta autozentratu bat jarri behar dugu martxan.
Euskal Herriak konponbide politikoak behar dituela esaten dugu; haien artean, euskal presoen auzia lehenbailehen konpontzea. PSOE auzi horri erantzuna emateko prest dagoela uste duzu?
Ez dakit prest dagoen ala ez, baina, egon dadin behartu beharko dugu; hor dago gakoa auzi honetan ere. Herri honetan badago gehiengo bat espetxe politika aldatzearen alde, horrenbestez, jendarte hori aktibatu, mobilizatu eta operatibo bilakatu behar dugu euskal presoen auziari irtenbidea emateko, azken fi nean, Madrilek espetxe politika hori errotik aldatu beste aukerarik izan ez dezan.
Estatuko gainontzeko independentistekin (JxC, ERC, BNG, CUP, Esquerra Valenciana eta MES) Llotja del Mar-eko adierazpena sinatu zuen EH Bilduk. Zein bide egin dezake ekimen horrek?
Llotja del Mar-eko adierazpena indar metaketa bat da aldarri batzuen bueltan: gure herrien erabakitze edo autodeterminazio eskubidea; preso guztien kaleratzea; arazo politikoen aurrean, konponbide politiko, elkarrizketatu, negoziatu eta demokratikoa; eta azkenik, politika sozial eta ekonomiko aurrerakoiak. Dagoeneko martxan dira ekimen batzuk. Besteak beste, talde bateratua Espainiako Kongresuan eta Senatuan eta espiritu eta aldarri berak bilduko dituen talde bateratua Europako Parlamentuan. Oro har, Kataluniako eta Euskal Herriko burujabetza prozesuen desblokeoa, aurrerabidea eta arrakasta berma dezakeen giltza izan daiteke Kataluniarekin artikulazioa.
Eskuina ere hasi da indarrak metatzen. Zein irakurketa egiten duzu?
Espainiar eskuina eta eskuin muturra kontziente da posizioak galtzen ari dela bai Katalunian bai Euskal Herrian, eta baita Galizan ere, polikiago izan arren. Horregatik, orain arteko posizioei eusteko indarrak batu beharra ikusi dute. Nolanahi ere, gure aburuz eskuin eta eskuin mutur espainolaren gutxiengoranzko joera geldiezina da. Hori dela eta, Katalunian, Euskal Herrian eta Galizan geroz eta espazio gutxiago izango du, ordezkatzen duen proiektu politikoa herritarren nahi eta interesengatik geroz eta urrunago dagoelako eta, alderantziz, herria geroz eta urrunago dagoelako unionismo intransigente eta ultraneoliberal horretatik. Laburbilduz, gizarte horiek geroz eta aurrerakoiagoak, subiranistagoak, feministagoak eta ekologistagoak dira, ezkerreko subiranismoaren borrokaren eta lanaren ondorioz, nagusiki.
Bestalde, Europa mailan subirautzaren inguruko eztabaida pil-pilean dago eta ikusi besterik ez dago SNPk Eskozian eta Sinn Feinek Irlandan lortutako emaitzak. Zein aukera ireki daiteke Europa mailan?
Llotja-ko ereduari jarraiki, gure asmoen artean badago antzeko artikulazioa bat sustatzearena Europako estaturik gabeko nazioetako indar subiranisten artean, baina, Bruselari dagokionez. SNPren eta Sinn Feinen garaipenek erakusten dute Europan apurka-apurka prozesu subiranistak aurrera doazela eta herrien autodeterminazio eskubidearen aldarria pixkanaka-pixkanaka bidea egiten ari dela. Posible izan da Eskoziako erreferenduma, litekeena da bigarren bat izatea, eta uste baino hurbilago dago erreferendum bat Irlandan bertan. Eskozian edota Irlandan independentzia nagusituko balitz, aldaketa legalak eragingo lituzke egitura juridiko horretan ala, bederen, horretarako aukerak sortuko lituzke. Horrek, noski, erakusleiho bat zabalduko lieke gainerako nazioei: Katalunia, Korsika, Flandria eta Euskal Herriari, adibidez.
Aurrera begira, zer? Zein da EH Bilduren proposamena subirautza bidean aurrera egiteko?
Hiru ildo nagusi ditugu. Bata, Kataluniarekin artikulazioa: elkarrekin mahaigaineratzea bide-orri eta estrategia komun bat Madrilen eta Bruselaren aurrean, gure burujabetzaren defentsan jarduteko. Bigarrena, Euskal Herrian ezkerreko subiranismoaren indartzea, eta horrek EH Bildu potentziatzea eskatzen du. Hirugarrena, Euskal Herrian burujabetza eta aldaketa soziala uztartuko dituen herri bulkada indartsu bat antolatu eta sustatzea, izan ere, urtarrilaren 30eko greba orokorrak erakutsi zigun badagoela gehiengo sozial bat klabe horretan. Ondorioz, EH Bilduren eginbeharra da gehiengo hori aktibatzea, mobilizatzea eta operatibo bilakatzea termino politiko eta instituzionaletan.