Alderdi subiranistak begi onez ikusi du Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu duen Nafarroako Trantsizio Energetikorako Agentzia (ATENA) arautzen duen Foru Legearen proiektua, alderdiak berak egindako eskaera bati erantzuten diona. Agentzia hau sortzea EH Bilduren ekarpena izan zen, foru Gobernuarekin lortutako azken aurrekontu akordioan jasotakoa, eta beraz, proiektua onartzearekin “akordioaren puntu garrantzitsu bat betetzen da”.
Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak baieztatu duenez, “klima aldaketaren aurkako borrokak ezin du gehiago itxaron eta instituzioen ardura da tresna baliagarriak eta eraginkorrak martxan jartzea premiazkoa den trantsizio ekologiko bat errazteko”. “Jasangarritasunean oinarritutako eta ingurumena errespetatzen duten eredu energetiko berriak esparru guztietatik bultzatzeko lan egin behar dugu, betiere lidergo publiko argi batetik”, gaineratu du.
Ildo horretan, Aznalek defendatu duenez, Nafarroako Trantsizio Energetikorako Agentzia izanen denak “funtsezko zeregina izan behar du Nafarroan erakunde publiko gisa, gure errealitatean jada badauden klima-aldaketaren ondorioak murriztera bideratutako ekimenak sustatzeko orduan eta, horrez gain, bizi dugun klima-larrialdiari aurre egiteko ere bai. Era berean, energia burujabetza energetikoan oinarritutako energia berriztagarrien sorkuntza, banaketa eta kontsumo eredu berriak sustatu behar ditu”.