EH Bilduren III. Kongresuaren baitan hegoaldeko zuzendaritza osatu ostean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako exekutibak berrituko ditu indar subiranistak, martxoaren 13tik eta 15a bitartean egingo den bozketa prozesuan. III. Kongresuan finkatu duen bi ganberako zuzendaritza-sistema izango du ezker independentistak Nafarroa Garaian: Mahai Politikoa eta Idazkaritza.
Gaur goizean erregistratu du Nafarroa Garaiko Mahai Politikoak Miren Zabaleta arduradun politikoarekin batera Idazkaritza osatuko duten sailetarako (eraketa, politika instituzionala, udalgintza eta komunikazioa) arduradunen hautagaitza. Zabaleta % 95,38ko babesarekin izendatu zuten bilkideek Nafarroako Arduradun Politiko, joan den otsailaren 8an Baluarten egindako ekitaldi politikoan. Idazkaritza berezko kide den Nafarroa Garaiko talde parlamentarioko bozeramaileak eta dagokion erabaki esparru eta moduei jarraiki izendatuko den Iruñeko arduradun politikoak ere osatuko dute.
Modu honetara, martxoaren 13tik 15ra eginen den bozketa prozesuan Idazkaritzaren berritzearekin batera, Nafarroa Garaiko Mahai Politikoaren osaketa berria zehaztuko dute bilkideek. Hamalau pertsonek osatuko dute, eta horietatik zortzi berezko kideak dira; alegia, beren arduren ondorioz dira Mahai Politikoko kide. Gaur hasi da Idazkaritzarako proposamenak egiteko ezarritako epea. Izan ere, egungo Mahai Politikoak egindako proposamen ofizialistaz gain, hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukera du kidegoak.