AKTUALITATEA


| 2022-12-14 09:52:00

EH Bilduk ekitaldi soziala egin du gaur Antsoainen, Marta Diez Napal Antsoaingo udal hauteskundeetarako zerrendaburua aurkezteko. Laura Aznal, Nafarroako EH Bilduko parlamentari eta presidentegaiak eta Ander Oroz Casimiro Antsoaingo egungo alkateak hartu dute hitza ekitaldian. Diez-ekin batera, alderdi subiranistako dozenaka kide eta kargu izan dira.

Diezek aurkezpen ekitaldian nabarmendu duenez, “konpromisoa, ilusioa eta maitasuna eskaintzen ditut, baina ez da guztia eskaini, eskatu ere eskatu dut. Nire seme-alaben hazkuntzan lehentasuna eman ahal izatea eskatu dut, niretzat nire lehen proiektua da eta garrantzitsuena. Gainera, neure burua eta proiektu hau partekatzen dudan pertsonak zainduz lan egin nahi dut, politika zaintzatik egin daitekeela uste baitut”.

Diezek ziurtatu du “azken 8 urteotan udaletxe demokratiko bat garela erakutsi dugu. Udaletxea “kalera” eraman dugu, lehen ez zegoen hurbiltasuna sortuz. Alkatetzaren figura herritarren arretaren zerbitzura jarri da, eta udalaren lokalak eta materiala kolektibo guztien eskura”.

Zentzu horretan, “Udalera sartu ginenean errezelo handia zegoen”, gaineratu du, “eta erakutsi dugu zintzoak eta langileak garela eta kudeaketa koherentea, apala eta gardena egin dugula”.

Gainera, balioa eman nahi izan dio, “beste alderdi politikoekin batera egindako lanari, taldean lan egiteko gaitasuna, enpatia eta eskuzabaltasuna erakutsi ditugu”.

Hautagaiaren esanetan, “hauteskundeak irabazi nahi ditugu, azken 8 urteetan Antsoainen garatu dugun proiektuan sakontzen jarraitu ahal izateko. Proiektu honek orain arte gidatu gaituzten balioak ditu oinarri: feminismoa, zaintzak, euskara, adinekoen ongizatea eta kudeaketa ekonomiko gardena.” Gaineratu duenez, “hemendik aurrera, irtenbide berrietan aurrera egiten jarraitu behar dugu, bizi behar ditugun une zail hauetan”. Zentzu horretan, “justizia sozialean aurrera egiten jarraitu behar dugu, gure herriko pertsona guztiak zaintzeko, batez ere ahulenak; planetaren zaintzan ere aurrera egin behar dugu, gure hiri-ingurunetik beharrezko aldaketei heltzen jarraitzeko, energiaren kudeaketa hobeago baterantz; eta zerbitzu publiko sendoak izateko bidean aurrera egiten jarraitu behar dugu, zerbitzu publiko onak funtsezkoak baitira egoera zailei aurre egin ahal izateko, bai Udaletik, bai Nafarroako Gobernutik ere”.

Diezek eskerrak eman dizkie herri hobe baten alde egunez egun lanean jarraitzen duten pertsona eta kolektibo guztiei. Gainera, egungo alkate Ander Orozek eta EH Bilduko zinegotzi-talde osoak egindako lana eskertu nahi izan du, “gure herriarekiko erakutsi duen ardura eta maitasunarengatik”.