EH Bilduren ustez, Ibarrolaren diskurtsoak argi uzten du “UPNk trumpen politika Nafarroara ekarri nahi duela, horrek herritarrengan izango lituzkeen ondorioak axola gabe”. “Nazioartean ultraeskuinaren gorakada eta horrek gehiengo sozialentzat eskubideetan eta askatasunetan suposatzen dituen murrizketak ikusten ditugun bitartean, UPNk ultraeskuin horren gero eta antz handiagoa duela ere ikusten dugu. Egunetik egunera nabariagoa da trumpismoak Nafarroan duen ordezkaria Ibarrola dela”, adierazi du.
EH Bilduren ustez, datorren urteko foru hauteskundeetarako Ibarrola UPNren hautagai aukeratzeak agerian uzten du Nafarroarentzat eta bere herritarrentzat etorkizuneko proiektu bat eskaintzeko alderdiaren “ezintasuna”. “Jendearen benetako beharrei erantzuteko nahikotasun eta interes ezaren erakusgarri argia da, eta hainbeste urte gobernatu gabe eramateagatik duen urduritasunari erantzuten dio, oraindik asimilatu ez duen zerbait”.
Zorionez, UPNk 11 urte daramatza Gobernutik kanpo eta Nafarroako politika publikoak baldintzatu gabe, eta “horrek oso eragin positiboa izan du nafarren ongizatean”. “Indar aurrerakoien artean lortu ditugun akordioek eskubideetan aurrera egiteko eta askatasunak zabaltzeko balio izan dute. EH Bildu funtsezkoa izan da eskuindarrei bidea ixteko eta gero eta erabakigarriagoa da Nafarroan gehiengo aurrerakoi horiek lortzeko”, nabarmendu du.
Ildo horretan, alderdi subiranistak oso argi du bere bidea: “gure konpromisoa jendearekin da eta konpromiso irmoa da”. “Erakutsi dugu EH Bilduk zenbat eta eragin handiagoa izan politika publikoetan, orduan eta gehiago hobetzen direla herritarren bizi-baldintzak. Eta, zalantzarik gabe, norabide horri jarraituko diogu, eskuindarrek ukatu nahi dituzten eskubide sozialak zabaltzeko lanean jarraitu”, defendatu du.