Alderdi subiranistak atsegin handiz hartu du foru Gobernuak eta China Hithium Energy Storage Technology enpresak Nafarroan energia metatzeko sistemen fabrika erraldoi bat sortzeko 400 milioi euro inbertitzeko egin duten iragarpena, eta “gure lurraldean kalitatezko lanpostuak sortzea” espero duela adierazi du.
Hala, EH Bilduk “albiste ona” dela esan du, nahiz eta “akordioaren xehetasunak ezagutu zain” zuhurtzia agertu nahi izan duen. “Tamaina handiko iragarpen baten aurrean gaude, Nafarroara garapen industrialari bultzada bat ekar diezaiokeena, lanpostu ugari sortuz, bai zuzenak, bai zeharkakoak”.
Hala ere, “oraindik ez dakigu nola gauzatuko den iragarritako inbertsioa, zein izango den aukeratutako elkarlan publiko-pribatuaren formula, ezta bi aldeek akordioa garatzeko ezarriko dituzten baldintzak ere”. Horren harira, alderdiak iragarri du bilera bat eskatuko diola Nafarroako Gobernuari, horri buruzko informazio eta zehaztasun gehiago izateko.
Hala, EH Bildurentzat “ezinbestekoa” da inbertsio horrek “kalitatezko lan baldintzak dituzten lanpostu berriak” sortzea. “Berme guztiak izan behar ditugu Nafarroarentzat eta bertako herritarrentzat onuragarria izango den akordioa lortzeko. EH Bildutik beti defendatu izan dugu horrelako akordio batek jarduera lurraldera errotzea bermatu behar duela, eta edozein finantzaketa publiko baldintzatu behar duela kalitatezko enplegua sortu eta mantentzera”, defendatu du. “Hala izatea espero dugu”, gaineratu du.