AKTUALITATEA


| 2021-06-04 12:43:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du foru Gobernua premiatuz “Nafarroako ikasle guztiek beren eskualdean D ereduko batxilergoa ikasteko duten eskubidearekin konpromisoa har dezan” eta, ildo horretatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio “behar diren neurriak hartzeko D ereduko Batxilergoa Tafallan eta Zangoza-Pirinioen inguruan bermatzeko, 2022ko aurrekontuen aurreproiektua egokituz”.

EH Bilduko bozeramaile Bakartxo Ruizek dagoeneko kritikatu duenez, onarpen-araudi berriak “Batxilergoko ikasketak euskaraz egiten jarraitu ahal izateko Tafallatik, Zangozatik edo Pirinioetatik Iruñera joan behar duten D ereduko ikasleekiko konparaziozko bidegabekeria eragingo du”.

Ildo horretatik, Ruizek jada eskatu zion Hezkuntza Departamentuari “bidegabeko egoera” horri irtenbidea emateko, baina deitoratu egin du kontseilariak “erantzun argirik ez ematea eta konponbiderik ez eskaintzea” joan den ostegunean Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran. “Bere erantzuna iraingarria izan zen eta Departamentuaren jarrera, ikastetxeen eta familien kexen aurrean, benetan penagarria izaten ari da”, gaitzetsi du Ruizek.

Era berean, EH Bilduren bozeramaileak kritikatu du onarpen-araudiaren aldaketak “Nafarroako hainbat eskualdetako ikasleei eta haien familiai eragiten dien kaltea eta egoera bidegabea”.

Hori dela eta, EH Bilduk Hezkuntza Departamentuari eskatu dio “eremu horietako ikasleek sare publikoko D ereduko Batxilergoa beren eskualdean egiteko duten eskubidea gauzatzen ez den bitartean, beharrezko ekintza positiboko neurriak hartzeko, euskaraz ikasten jarraitzeko ahalegin berezia egin behar duten ikasle horien salbuespenezko egoerei eta irisgarritasun-beharrei erantzuteko”.

Halaber, EH Bilduren mozioak Hezkuntzari eskatzen dio “Iturramako Institutuan bi ikasgela ixteko erabakia zuzentzeko eta landa-eremuetako ikasleentzat beharrezkoak diren plazak bermatzeko, hala nahi badute eta beste ikastetxeetara iristeko arazoak badituzte”. Azkenik, eskatzen du “Iruñerritik kanpoko ikasleak ez diskriminatzeko, Arte Eszenikoen eta Arte Plastikoen Batxilergoko erreferentzia-zentroei dagokienez hurbiltasun-irizpidearen arabera, Nafarroako ikasle guztientzako aukera-berdintasuna bermatuz”.

EH Bilduk datorren ostegunean, ekainak 10, defendatuko du mozio hau Nafarroako Parlamentuan, eta aurrera egitea espero du, “ikasle horiek diskriminaziorik jasan ez dezaten”.