AKTUALITATEA


| 2022-01-25 12:30:00

Elizak orain dela gutxi aitortu duenez, “bere izenean jarri zituen ez zegozkion mila ondasun inguru Espainiako Estatuan”, baina EH Bildu Nafarroak gogorarazi du Nafarroan bakarrik kopurua “nabarmen handiagoa” dela. Zehazki, foru Gobernuak joan den urtearen amaieran baieztatu zuenez, “Nafarroan 2.952 ondasun ditu immatrikulatuta Eliza Katolikoak”.

Arantxa Izurdiaga Justizia Batzordeko EH Bilduren bozeramaileak agerian jarri duenez, “hamalau urte itxaron behar izan ditugu datuak ezagutzeko, eta bide horrek zailtasunak izan ditu, baina, azkenean, hainbat kolektibok aspalditik salatu dutena berretsi du”.

Ildo horretatik, Parlamentuaren agindua betez, Izurdiagak berriro eskatu dio Nafarroako Gobernuari “lehenbailehen argitaratzeko inmatrikulazioen eta haien ohar sinpleen zerrenda osoa”. Uste du “funtsezkoa” dela inbentario hori “publikoa eta herritar guztientzat irisgarria” izatea, Nafarroako Parlamentuak 2021eko martxoan onartutako mozioak eskatzen zuen bezala.

Era berean, EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu duenez, “beharrezkoa da hemendik aurrera Administrazioak hastea eta zuzentzea modu integral eta kolektiboan immatrikulatutako ondasunak berreskuratzeko prozesua”. Izurdiagak adierazi duenez, “EH Bildun hasieratik defendatu dugu ezinbestekoa dela irtenbide kolektibo bat bilatzea guztiz irregularra eta bidegabea den praktika batetik abiatzen den egoera honi, Eliza Administrazioarekin parekatu baitzen eta pribilegioak eman baitzitzaizkion udalen eta herritarren kaltetan”.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Nafarroako Gobernuari eskatu dio “modu proaktibo eta eraginkorrean lan egin dezala, egoera bidegabe honi irtenbide globala emateko eta inoiz kendu behar ez zitzaiona herriari itzultzeko”.