AKTUALITATEA


| 2024-01-20 09:18:00

Giza Eskubideen Palestinako Zentroko (PCHR) zuzendari nagusi eta genozidio demanda Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira eraman duen Hegoafrikako talde legaleko kide Raji Sourani abokatu palestinarrarekin bilera egin du EH Bildu Nafarroak. Ezker subiranistak Palestinako biztanleriak bizi duen giza eskubideen urraketari arbuioa eta elkartasuna adierazi dizkio.

EH Bilduk berretsi du nazioarteko komunitatea ezin dela besoak gurutzatuta geratu. «75 urteko gatazka da, Nazio Batuen ebazpenak nabarmen ez betetzeak markatutako gatazka. Statu quo-a mantentzea ez da aukera bat, eta nazioarteko komunitateak alderdiak animatu behar ditu elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat ezar dezaten, bake justu eta iraunkor bati ateak irekitzeko. Bake horrek nahitaez ekarri behar du Palestinaren okupazioa amaitzea eta haren eskubide nazionalak aitortzea, estatu independente eta bideragarria eratzeko eskubidea barne».

Ildo horretan, EH Bilduk salatu du ia 20 urteko blokeoaren ondoren, Gazan bizi diren pertsonak zigor kolektibo baten biktima izaten ari direla, genozidio baten biktima. Hori dela eta, beste behin, Gazako Zerrenda helburu duen edozein operazio militar gelditzeko eskatu du.

Raji Souranik, halaber, Nafarroako Parlamentuko Nazioarteko Bizikidetza eta Elkartasunerako Batzordean parte hartu du. PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PP eta Contigo-Zurekin alderdiek eskatuta, Gazako Zerrendako egoeraren berri eman du abokatuak lan-saioan.