EH Bilduk doluminak helarazi dizkie Iker Aristu iruindarraren senide eta lagunei, haren heriotzaren berri izan ondoren, eta tortura latzak jasan dituzten pertsonengan eragiten dituen ondorio fisiko eta psikologiko larri eta konponezinen inguruan ohartarazi du.
Iker Aristu Estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen ofizialki Nafarroako Gobernuak 2024an, motibazio politikoko ekintzen ondorioz giza eskubideak urratu zitzaizkien biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Foru Legea aplikatuz. Errekonozimendu instituzional horrek poliziaren zaintzapean jasan zituen eskubide urraketa larriak egiaztatu zituen.
EH Bilduk salatu du tortura ehunka euskal herritarren aurka hamarkadetan erabilitako praktika sistematikoa izan dela, eta horren ondorioek biktimen bizitza osoan irauten dutela. Ezker subiranistak berretsi egin du Estatuaren indarkeria jasan duten pertsona guztientzako egiarekin, justiziarekin eta erreparazio integralarekin duen ezinbesteko konpromisoa, eta nabarmendu du aitortza ofizialarekin batera zigorgabetasunaren amaiera eta horrelako urraketak berriro gerta ez daitezen benetako konpromisoa egon behar direla.