AKTUALITATEA


| 2021-12-29 11:08:00

EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du, Nafarroako Gobernuari eskatuz Ekonomia eta Gizarte Kontseiluarekin batera lan egin dezan, “premiazko plan bat prestatzeko, familiei gizarte eta lan-estaldura eman diezaieketen neurriekin, Covidagatik konfinatutako adingabeen eta/edo mendeko pertsonen zaintza bere gain hartu ahal izateko”. Bestalde, gaineratu du “oso beharrezkoa dela” administrazioak “laguntza ekonomiko espezifikoak sortzea edo daudenak zabaltzea, beharrezkoa denean, langile autonomoen edo besteren konturako langileen kontziliazioa errazteko, baldin eta arrazoi horregatik lanera joan ezin badute”.

EH Bilduren ustez, “premiazkoa da egoera horri irtenbidea ematea; izan ere, abendu amaieran 2.000 ikaslek baino gehiagok ikastetxeetatik alde egin behar izan dute berrogeialdia egiteko”.

EH Bilduk gogorarazi du, “funtzionarioen artean betebehar saihestezinagatiko baimena erabiltzeko aukera badago ere, administrazio barruan lan egiten ez duten langile autonomoek eta besteren konturako langileek ez dute eskubide hori, eta baimen horiek ez izateak arazo handiak sortzen ari ditu familietan, adingabeak eta/edo mendekoak zaindu eta haien kargu egiteko”. Alderdi politikoak uste du “familia askorentzat kontzilazioa ezinezkoa izaten ari dela”.

Halaber, EH Bilduk gaineratu du “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak 48. artikuluan jasotzen duela kontziliazioa bultzatzeko lan egin behar dela. Zehazki, 1. puntuak jasotzen du Administrazio Publikoek antolaketa-aldaketako prozesuak sustatu behar dituztela bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea errazteko”.

Azken batean, EH Bilduren ustez, “pandemiak areagotu egin ditu kontziliazio zailtasunak, eta administrazioei dagokie pandemiaren une hauetan kontziliazioa erraztuko duten premiazko neurri eraginkorrak bilatzea”.