Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk Aierdi Kontseilariaren agerraldia eskatu du, Nafarroako Kontseiluaren Irizpenak iaz eman zuen Foru Agindua baliogabetzen duelako


Irizpenak erabat deuseztzat jotzen du zenbait enpresek parke eoliko batzuk egiteko zuten bi urteko epea hiru urtez luzatzeko emandako Foru Agindua

| 2021-12-27 12:27:00

 

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren agerraldia eskatu du “41/2021 irizpenaren edukia baloratu dezan. Irizpen horren arabera, iazko maiatzean eman zuen Foru Agindua baliogabea delako, eta deuseztatzeko zer urrats emango dituen azaltzeko”.

Nafarroako Kontseiluak 41/2021 Irizpena onartu du 2021eko abenduaren 20ko bilkuran, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren maiatzaren 6ko 45E/2021 Foru Agindua ordenamendu juridikora egokitzeari buruzko kontsultari buruzkoa, parke eolikoei buruzko maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritako epea luzatzeko.

Gure talde parlamentarioak eskatu zuen Irizpen hori, Izquierda/Ezkerrak babestuta, aipatutako 45E/2021 Foru Agindua, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren edukia aldatzean antolamendu juridikoa urratzen zuela ikusita. Foru agindu horretan luzatzea erabaki zen:

“Beste hiru urtez, gehienez ere bost urtera arte, parke eolikoak egikaritzeko eta martxan jartzeko ezarritako epea.”

Nafarroako Kontseiluak, bere Irizpenean, baloratu du urraketa hori gertatu dela, eta honako hau ondorioztatu du:

“Nafarroako parke eolikoen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren lehen xedapen indargabetzailearen 2. atalean ezarritako epea luzatzen duen Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren maiatzaren 6ko 45E/2021 Foru Aginduak arau-hierarkiaren printzipioa urratzen du, eta horrek deuseztasuna dakar.”

EH Bilduren ustez, “ezin dugu ahaztu maiatzaren 8ko 58/2019 Foru Dekretua dela Nafarroako Foru Komunitatean parke eolikoen baimenak arautzen dituena, eta Kontseilariak Foru Agindu horrekin lortu nahi izan zuena, baliogabetzat joa, bere luzapenaren bidez enpresa batzuek parke eoliko ezberdinak martxan jartzeko zuten epea luzatzea zen. EH Bilduk ez du ulertu “zergatik jardun den presarekin enpresek proiektu horiek aurrera eraman ahal izateko, Foru Dekretu baten edukia maila baxuagoko arau baten bidez aldatuz, 45E/2021 Foru Agindua, hain zuzen ere”.

EH Bilduren ustez, “Kontseilaritzak, parke eolikoak egiteko epea amaitu baino pixka bat lehenago, enpresa jakin batzuen interesak babestu nahi izan zituen legez ezarrita zuten epea aldatuz, epea beste hiru urtez luzatuz. Nahiz eta kaltetutako udalek protesta egin zuten erabaki horren aurrean. Haien erreklamazioak ez ziren kontuan hartu, baina orain Nafarroako Kontseiluak bai, gai juridiko bera planteatu zutelako.

EH Bilduk beharrezkoa deritzo “Aierdi jaunak zuzentzen duen Departamentutik azalpenak ematea Leoz, Ameskoabarrena, Allin, Gesalaz eta Jaitzko udalei ere, epeak luzatzearen aurka agertu baitziren; izan ere, foru agindua erabat deuseztzat jotzeak Kontseilaritza horren jardunbidea juridikoki eta politikoki desbaimentzea dakar, eta Kontseilaritza horren asmoa izan da, une oro, udalek beren gain zituzten proiektuen aurrean zituzten interes ekonomikoak babestea.