AKTUALITATEA


| 2025-12-12 10:59:00

Ostiral honetan, Nafarroako Parlamentuan, datorren urterako hainbat zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk hartzeko Foru Lege Proiektuari aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu eta onartu dira Batzordean, horren azken bozketa abenduaren 18ko Osoko Bilkuran izanen delarik. Proiektuak Nafarroan 1.100 euroko gutxieneko pentsioak lortzea ahalbidetuko duten neurriak jasotzen ditu. Ekimen hau EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak bultzatutako lorpen bat izan da, eta alderdi soberanistak eta foru Gobernuak 2026rako lortutako aurrekontu akordioan jasota dago.

EH Bilduk “pentsioak duintzeko aurrerapauso honen garrantzia” nabarmendu du. “EH Bildu Nafarroa pentsio baxuenen egoera hobetzeko hainbat ekimen garatzen ari da aspalditik. Azken aurrekontu-akordioetan, bereziki, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 68. artikuluan jasotzen den tratamendu fiskala hobetzen saiatu gara: ‘Alarguntasun-pentsioengatiko eta kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko kenkariak’”, azaldu du ohar batean.

Hala, alderdi subiranistak adierazi du, kuota diferentzialaren kenkari horren (zerga negatiboa) bilakaera ebaluatzeko eta aztertzeko konpromisoa hartu ondoren, 2025 eta 2026 aurrekontu-akordioetan jaso direla aplikagarriak diren kenkarien igoerarik handienak. “Lehenik eta behin, 2025erako egin zen aldaketa, kenkari negatiboaren zenbatekoa 14.490 eurora igo baitzen, eta, horrela, pertsona horiek 1.035 euroko 14 ordainsari jasotzea bermatu zen. Orain, 2026rako akordioan planteatzen da pertsona horiek, euren pentsioa eta kenkari negatiboa gehituta, guztira 15.400 euro jaso ahal izatea, hau da, 1.100 euro 14 ordainsaritan”.

Era berean, EH Bildutik adierazi dute kontziente direla “oraindik ez dela iritsi pentsiodunen kolektiboek gutxienez aldarrikatzen duten Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren lortzera, baina hurbiltze-lerro batean gaudela uste dugu, 2025erako LGS 16.576 eurokoa baita, 14 ordainsaritan banatuta 1.184 euro direlarik”. Eta aberastasuna birbanatzeko zergaldi hau “garrantzitsua” dela gaineratu dute, aurrekontu akordio hauei esker milaka pertsona onuradun horiek 30 milioi euro baino gehiago jaso ahal izan dituztelako, diru-sarrera txikiak dituzten pertsonen egoera hobetzeko balio izan dutenak.

Ildo horretan, “pentsiodunen bizi baldintzak hobetzen jarraitzeko” konpromisoa berretsi du EH Bilduk. “LGSren pareko gutxieneko pentsio duina lortzeko beharrezkoak diren ekimen legegileak bultzatzen jarraituko dugu”.

Halaber, EH Bilduk dei egin nahi izan dio Nafarroako Gobernuari “zerga-kenkari horiei ahalik eta publizitate handiena eman diezaien, bereziki, aldi baterako onuradunak izan daitezkeen pertsonekin zuzeneko komunikazioak eginez, jasotzaile horietako gehienek eskuratu ahal izan ditzaten”. Ez da ahaztu behar pertsona horiek, askotan, mugak dituztela laguntza horiek eskatzeko interneten sartzeko, baita eskaera-bideetara sartzeko ere. Hori dela eta, alderdi subiranistaren ustez, “Gobernuak talde horiei zuzendutako ekintza proaktibo bat egitea da bermerik onena laguntza fiskal horiek jaso ditzaketenek laguntzak jasotzeari utz ez diezaioten”.

 

Pentsiodunen elkarteekin topaketa

Hain zuzen ere, 2026rako neurri fiskalak onartu direla eta, ostiral honetan EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak bilera egin du pentsiodunen hainbat elkarterekin. Bilera honen helburua izan da Nafarroako gutxieneko pentsioen igoera berri hau zertan datzan azaltzea, nola gauzatuko den azaltzea, eta kolektibo hauek lorpen berri honen inguruan egiten dituzten balorazioak eta datorren urteari begira defendatzen dituzten aldarrikapenak entzutea.

Pentsionistak Martxan, Sasoia, Oneka eta beste pentsiodunen elkarteetako ordezkariek parte hartu dute topaketan, eta EH Bilduren izenean Laura Aznal talde parlamentarioaren bozeramailea, Adolfo Araiz Ekonomia eta Ogasun bozeramaile ondokoa eta Jabier Arza Eskubide Sozialen bozeramailea izan dira. Bileraren amaieran, bi aldeak bat etorri dira pentsioen igoera honek pertsona askori ekarriko dien hobekuntza baloratzerakoan, eta elkarrekin lanean jarraitzeko beharra berronetsi dute. "Zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz aurrera egiteko beharra" ere partekatu dute, "pentsio duinak ere sistema horren parte izan behar baitira".

Era berean, Aznalek, Araizek eta Arzak berretsi dute EH Bilduk konpromiso irmoa duela Nafarroako pentsiodunen bizi-baldintzak duindu eta hobetuko dituzten funtsezko hobekuntzak lortzeko lanean jarraitzeko.