AKTUALITATEA


| 2020-04-06 16:55:00
  • Bizi dugun larrialdi egoerari erantzuteko proposamen eraikitzaileak egiten jarraitzen dugu.

  • Herritarrek osatu duten zaintza-sareari gobernu taldeak ez dio behar besteko garrantzia eman, gure ustez.


3 aste dira alarma egoera ezarri zutenetik. Egoera honek herritar guztiongan du eragina, guztiok ari gara sufritzen. Gure lehenengo arreta haur, pertsona edadeko, gaixo kroniko eta egoera zaurgarrian zeuden pertsonengan jarri genuen eta udal gobernu taldeari egin genizkion lehenengo proposamenak bereziki horie bideratuak izan ziren:

 

  • 70 urtetik gorako herritar guztiei telefono deiak egitea: laguntza, babesa eta zaintza eskaintzeko.

 

  • Biolentzia matxista jasaten ari diren emakumeei arreta berezia.

 

  • Anbulategiarekin harreman zuzena izatea gaixorik ditugun edo zaintza bereziren bat behar duten herritarrak ahalik eta hobekin artatzeko.

 

  • Eskola eta Ikastolarekin harreman zuzena: eguneko otorduak bermaturik ez duen haurrik balego otorduak bermatzeko. Eta egoera honetan, ikasketak online bidez egin behar dituztenez, ordenadore edo interneterako konexioa izateko arazoak dituzten familiei irtenbidea emateko.

 

  • Udal zerga eta tasak ordaintzeko epea atzeratzea, erraztasunak eskaintzea eta tasa batzuk bertan behera uztea.

 

Horiekin batera, Lezoko zaintza sarea antolatzeari ekin genion eta Piztu Lezokoek bide bera urratu zutela ikusita, lankidetzan, 80 lagunetik gorako zaintza sarea osatu da.


Bistan denez, EH Bilduren asmoa hasiera beretik udal gobernu taldearekin lankidetzan jardutea eta egoerari erantzuteko proposamenak lantzea izan da. Horretarako,
bozeramaile mahaia eratzea proposatu genion alkateari.


Oraindik, ordea, larrialdi egoerak luze jarraituko du eta gure bokazioa da egoerari erantzuteko beharrezko proposamen eraikitzaileak egiten jarraitzea. Horregatik, aurrera begira jarri eta aipatutako sektore hauek ahaztu gabe eta eurengan arreta osoa mantenduz, dagoeneko eta ondorengo egun, aste eta hilabeteetan beste hainbat sektorek eta herritar ugarik dituzten eta izango dituzten behar bereziei erantzuteko, neurri sorta berria mahai gaineratu nahiko genuke. Ulertuta erakunde ezberdinak laguntza mota ezberdinak prestatzen ari direla eta horiek ongi koordinatzen asmatu beharko dela.


Edozein kasutan jendeak dituen premiazko beharrei edo gabeziei erantzuteko, Lezoko Udaletik iniziatibaz jokatu eta eskura dituen baliabideekin egin dezakeena albait arinen martxan jartze aldera, gobernu taldeari proposamen hauek egiten dizkiogu:

 

  1. Handitu dezala Gizarte Larrialdiko Laguntzak partida.
  2. Gizarte Zerbitzuetako plantilla handitu dezala.
  3. Azter ditzala erakunde ezberdinetatik jaso daitezkeen laguntzak eta ahal duen neurrian, aurreratu, azkartu eta erraztu ditzala laguntza horiek herritarrek lehenbailehen eskura ditzaten.
  4. Azter ditzala urgentziazko diru-laguntza berriak norbanako, familia, merkataritza establezimendu txiki eta ostalarientzako.

Lehen hiru aste hauetako balantzea egiterako garaian, ordea, beharrezkoa iruditzen zaigu udal kudeaketan inguruko gure kezkak mahai gaineratzea eta hobetu beharrekoak azaltzea.


Udal gobernu taldeari egin dizkiogun proposamenen artean, soilik 3 neurri zehatz bete ditu
orain arte:

 

  • Bozeramaile mahaia eratu da.

 

  • Udal zerga eta tasen ordainketak atzeratu ditu.

 

  • Eta bestetik, 70 urtetik gorako herritar guztiei deiak egiteko konpromisoa hartu zuen.

Azken kasu honetan Lezoko zaintza-sarearen lankidetza baztertuta, dei horiek egitekoudal langileak soilik baliatu nahi izan ditu eta horrek prozesua denboran behar  baino gehiago luzatzea ekarri duela esan behar dugu. Konparazio moduan, Errenteria-Oreretako Udalak lehenengo astean 8000 herritarrei telefono deiak eginak zituen zaintza sareko boluntarioak erabiliz. Lezon berriz, 800 herritarrei deitzeko 3 aste behar izan ditugu.

70 urtetik gorakoen edo bestelako behar bereziren bat duten herritarren zaintza beharrei erantzuteko ere, udalak Lezoko zaintza-sarearen lankidetza eskaintza baztertu du eta Gurutze Gorriaren bidez egitea lehenetsi du.

Horrekin lotuta, esan behar dugu bizi dugun larrialdi egoeran, herritar antolatuak egoteak, zaintza komunitariorako sarea egituratzeak, gure ustez, garrantzia eta potentzial izugarria izan arren, udalak ez diola behar besteko garrantzirik eman eta ez duela jakin sare horri behar bezalako probetxua ateratzen.

Seguru gaude, gaur ez bada bihar, zaintza komunitarioa ezinbestekoa dela.

Eskerrak emanez bukatu nahi genuke.

Eskerrak egunero-egunero besteon egoera errazteko lanera joan behar duzuen herritar guztiei. Eskerrak ingurukoei, bizilagunei, ezagunei edo beharra duen edonori zuen laguntza eskaintzen diozuen herritarrei. Eskerrak Lezoko zaintza sarean izena eman duzuen guztiei. Eskerrak Lezoko herritar guztiei izaten ari zareten ardura eta pazientziagatik.


Indartu dezagun komunitatea eta jarrai dezagun saretzen. Guztion artean lortuko dugu.


Elkar zaindu dezagun.