OTSAILEKO EZOHIKO OSOKO BILKURAN GERTATUTAKOAREN BERRI EMAN NAHI DUGU


| 2022-02-28 21:35:00

Otsaileko ezohiko Osoko Bilkuran , oso gai garrantzitsua eztabaidatu zen: herriarena den ura, Jaizkibelgo ura, herriaren eskuetan atxikitzea edo Añarberi oparitzea.

Lehendik ere esan dugu Lezok izugarrizko altxorra duela, baliabide eta ondasun handia duela: ur propioa, Jaikibelgo ura. Kalitate handiko ura dugu Jaizkibelgoa, gainera. Horrela adierazten dute laborategietan egindako hainbat azterketak. Egun urria izanik, etorkizunean are urriago izatea aurreikusten den baliabidea, bizitzeko behar beharrezkoa dugun elementua, eta batzuek etorkizuneko petroliotzat duten baliabidea da ura.

Gaur egun, Lezoko ur kontsumoaren %30-35 inguru ur propioz hornitzen du Lezok.

Otsaileko ezohiko Osoko Bilkuran, EAJ eta PSEko zinegotziek Jaikibelgo ura Añarberi oparitzea erabaki zuten eta ondorioz, aurrerantzean, herriarena den ur hori Añarberi erosi beharko dio Lezok. Lezok Jaizkibelgo ura betiko galdu du EAJko eta PSEko zinegotzien erabakiaren ondorioz.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk 3 proposamen egin zituen:

1. Herriarena den ura Añarberi oparitzea baimentzen duen hitzarmena bertan behera uztea.

EH Bilduren ustez, ulertezina da Lezok duen oinarrizko baliabide garrantzitsu hori betiko galtzea.

Herri askok nahiko lukete Lezok duen baliabide eta ondasun hori. Ur propioa duten gainerako herriek beraien baliabideak zaindu eta gordetzen dituzten bitartean, Lezoko EAJko eta PSEko zinegotziek betiko oparitzea erabaki dute.

Lehenengo proposamen horren aurka bozkatu zuten EAJko eta PSEko zinegotziek.

2. Jaizkibelgo ura Añarberi oparitzeko erabakiarekin aurrera egitea erabakitzen bazuten, Lezok bereak dituen ur eta azpiegiturak berriro berreskuratzeko aukera erreala agertuko luken puntua gehitzea hitzarmenean.

Aukera hori ez onartzea erabaki zuten EAJko eta PSEko zinegotziek.

3. Hitzarmenean inolako aldaketarik egiteko aukerarik onartzen ez zutenez, hitzarmena herritarrei azaldu eta herritarrek beren iritzia emateko

aukera zabaltzea proposatu zuen EH Bilduk. Ondoren, udalbatzak, herritarren iritzia aintzat hartzeko.

Horrelako erabaki batek ekar ditzakeen ondorioak garrantzitsuegiak dira herritarren iritzia jaso gabe hartu ahal izateko.

Proposamen hori ere ez zuten onartu EAJko eta PSEko zinegotziek.

Bestalde, alkatea, horrelako gai garrantzitsua eztabaidatu eta erabaki behar zen Osoko Bilkura jarraitzera gerturatu ziren herritarrei sarrera debekatzen saiatu zela salatzen du EH Bilduk.

Aitzakia gisa aretoaren edukiera jarri zuen alkateak, atzokoan ere. Baina gaur egun ez dago edukiera murrizketa agintzen duen inolako araurik.

Begibistakoa da alkateak ez zuela herritarren parte hartzerik nahi eta, EAJ-PSE gobernu taldeak, Jaizkibelgo ura Añarberi emateko erabakia erdi ezkutuan hartu nahi zuela.

Horren aurrean, herritarrek Osoko Bilkura zuzenean jarraitzeko eta beren iritzia adierazteko aukera izan zezaten, EH Bilduk bere zinegotzi batzuk Osoko Bilkuratik ateratzea eta haien lekua herritarrei uztea erabaki zuen.

Otsaileko Osoko Bilkura, berriz ere, aldrebeskeria galanta izan zen. Formei dagokienez, herritarren sarbidea eta parte hartzea galarazi nahi izan zelako, eta edukiari dagokionez, Lezoko uraren kudeaketa herriko behar eta interesen arabera egiteko aukera betiko galduarazi zuelako EAJ-PSE gobernu taldeak.

Uraren kudeaketari dagokionez, kanpoko erakunde batekiko menpeko izango gara aurrerantzean.