AKTUALITATEA


| 2023-05-31 20:52:00

Mikel Arruti Salaberriak ekainaren 17an hartuko du Lezoko alkate kargua, inbestidura saioan. Aurreko igandean EH Bilduk udal hauteskundeak gehiengo osoz irabazi zituen. Bideo batean azaldu du “umiltasun osoarekin, herritar guztientzat gobernatzeko” asmoa duela EH Bilduk.

EAJren eta PSE-EEren udal zerrendaburuekin harremanetan jarri dela jakinarazi du Mikel Arruti EH Bilduren alkategaiak, “jarrera irekiarekin” eta haiekin elkarlanean aritu nahi duela adierazteko. Besteak beste, Lezoren arlo estrategikoetan elkarrekin, eta herritarrekin eta eragileekin, batera aritu beharraz mintzatu da, kanpainan egin duen bezala.

Elkarrekin Podemosek ez du zinegotzirik lortu Lezon, baina Arruti haren zerrendaburuarekin ere hartu-emanean jarri da, legealdian haien proposamenei lekua egiteko borondatea daukala esateko.

Lezoko hurrengo alkate izango denak eskerrak eman dizkie EH Bildu bozkatu duten herritarrei, baita beste aukeren alde egin dutenei ere. Denei dei egin die herriaren alde batera lan egin dezaten.