AKTUALITATEA


| 2022-11-09 20:32:00

Lezoko EH Bilduk Mikel Arruti Salaberria berretsi du 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan alkategai izateko. Herriko mahai politikoak proposatu zuen Arruti izatea alkategai, barne prozesuan ez zen beste hautagairik aurkeztu, eta, berresteko bozketan, herriko bilkideen %60k parte hartuta, aho batez onartu da Arrutiren hautagaitza.

Herriko bilkideen bozketan aho batez onartu da herriko mahai politikoaren proposamena.

2019ko udal hauteskundeetan ere zerrendaburu izan zen Arruti, eta EH Bilduk lortu zituen boto gehien.

Lezokoa bertakoa da Mikel Arruti Salaberria, 1977an jaiotakoa. Duela hiru urteko udal hauteskundeetan ere EH Bilduren alkategai izan zen, eta herritarrek haren taldea bozkatu zuten gehien: 1.418 boto (%46,7). Sei hautetsi lortu zituen orduan EH Bilduk. EAJ geratu zen bigarren, 100 boto pasara; sei zinegotzi eskuratu zituen. PSE-EEk, aulki bat. Inbestidura saioan EAJk eta PSE-EEk bat egin, eta alkatetza lortu zuten.

 

Mikel Arruti alkategaiaren hitzak

 

Lezoko EH Bilduren oinarriek berriro alkategai izateko nigan jarri duten konfiantza eskertu nahi nuke. Ilusioz eta erantzukizunez jaso dut Lezoko alkategai izateko ardura.

Erronka handiak izango ditu gure herriak datozen urteetan, eta, horie behar bezala erantzuteko, hiru ardatz nagusitan oinarrituko da gure egiteko modua:

- Osatzen ari garen zinegotzi lan taldean.

- Lezorako aurkeztuko dugun proiektuan.

- Lezok behar duen udala eta herritarren arteko gidaritza partekatuan.