AKTUALITATEA


| 2020-07-16 19:59:00

 

EH Bildutik gaia arduraz eta soseguz ari gara jarraitzen, ahalik eta informazio gehien eskuratuz, segurtasun protokoloari buruz galdetuz eta beste herrietan jarraitutako urratsak eta hartu diren neurriak ezagutuz. Horretarako, Lezoko anbulategiarekin, Donostialdeko osasun koordinazio gunearekin eta Ordiziako alkatearekin harremanetan jarri gara.

Jaso dugun informazioaren arabera, tabernako hornitzaile batek Ordiziako agerraldian positibo eman eta berehala jarri ziren harremanetan tabernako jabeekin protokoloa aktibatuz.

Tabernako langileei PCR probak egin zizkieten eta batek positibo eman zuen. Jarraian, positibo eman zuen pertsonaren gertukoenei eta egunerokoan harreman zuzena duten pertsonei egin zizkieten probak.

Proba hauen guztien emaitzak negatiboak izan dira.

Tabernak momentuz itxirik jarraituko du, badaezpadako neurri moduan.

Orain arte egindako proben emaitza ikusirik, Donostialdeko osasun koordinazio gunetik, Lezon agerraldirik ez dagoela eta kasu bakanak direla adierazi digute. Hortaz, ez dute beharrezkotzat jo jende gehiagok probak egitea.

Jaso dugun informazio guztia alkatearekin partekatu dugu eta Udalak herritarrak informatu beharko lituzkeela adierazi diogu. Herritarrek informazio zuzena, argia eta osoa jasotzeko duten eskubideaz gain, gardentasun osoz aritzea funtsezkoa baita jendartean lasaitasun mezua zabaltzeko.

Gure aldetik, Udalak hori egin bitartean, erantzukizunez jokatzea eta eskura dugun informazio guztia lehenbailehen herritarrei zabaltzea erabaki dugu.

Arduraz eta zuhurtziaz aritu behar dugu, uneoro osasun segurtasun neurriak zorrotz betez: musukoak uneoro erabili eta eskuak maiz garbitu.