AKTUALITATEA


| 2021-09-23 13:12:00
 

Pasaiako eta Lezoko EH Bilduk kezka adierazi nahi dugu Diputazioak Lezo eta Pasai Donibane lotzen dituen bidegorriaren azken atalaren obra oraindik lizitatu ez duelako. Hori dela eta, “Europako Mugikortasun Astea” den honetan EH Bilduk Batzar Nagusitan dituen ordezkarien bitartez Romero lurralde antolaketa eta mugikortasun diputatuari (PSE-EE) obra lehenbailehen hasteko eskaera egin diogula jakinarazi nahi dugu. Herritarrok ezin dugu gehiago itxaron, eta bidegorriaren azken atalari dagokion obra gehiegi atzeratzen ari da, honek oinezkooi eta txirrindularioi suposatzen digun arriskuarekin.

Urteak igaro dira Gipuzoako Foru Aldundiak Lezo eta Donibane lotuko zituen bidegorriaren obrak egin zituela. Jakina denez, obra horien lehen bi atalak eginak daude, baina azken atala (Donibanetik gertuen dagoena) oraindik hasi gabe dago. Proiektuaren egikaritzea etengabe atzeratzen joan da eta 2021eko aurrekontuan obra hori egiteko finantziazio nahikoa jasotzen den arren, urtea amaitzen ari da eta ez dugu obra hori egingo den zantzurik ikusten. Are gehiago, Lezoko EH Bilduk gai honen inguruan udalbatzarrean galdetuta, ez genuen inolako informaziorik jaso Alkatearen partetik.

Hori horrela izanik, Pasaiako eta Lezoko EH Bildu osatzen dugun kideok Romero diputatuari lehenbailehen lanean jar dadila eskatu nahi diogu, herritarroi agindu zigun bezala, 2021. urtea amaitu baino lehen obra hau martxan egon dadin. Donibandarrok eta lezoarrok ezin dugu gehiago itxaron eta uste dugu ez dela zilegia bertako udalok eta Foru Aldundiak berak “Europako Mugikortasun Astea” den honetan gaiarekiko konprometituak daudela esatea gero gure herriak lotzen dituzten bideak eta bidegorriak urte luzez amaitu gabe eta abandonaturik dituztenean.