AKTUALITATEA


|

Hiru puntu landuko ditugu batzarrean. Lehenengoan, Lezo Errotik parte hartze prozesuan zehar lantzen aritu garen txostena aztertuko dugu. Talde eragileak, prozesuan zehar bildutako ekarpenak dokumentu batean batu ditu. Hala ere, azkeneko ekarpenak egin ahal izango dira, eta lana bukatzeko, txostenari onarpena emango diogu.

 

Orain arte parte-hartze prozesuan aritu diren lezoarrei banatu zaie jada talde eragileak atondu duen txostena. Bestetik, aldizkari bat ere argitaratua eta herriko postontzietan banatu dugu. Aldizkari horretan, prozesuan zehar lortutako emaitzaren laburpen bat ageri da. Landu ditugun bederatzi arloetan (euskara, parte-hartzea eta herri nortasuna, etxebizitza, hezkuntza, mugikortasuna, sozio-ekonomia, feminismoa, ingurumena eta ongizatea) zein ekintza konkretu burutu beharko liratekeen, alegia.

 

Batzarreko bigarren puntuan maiatzaren 26an ospatuko diren Udal hauteskundeetarako Lezoko EH Bilduko zerrendaren onarpena bozkatuko dugu. Pasa den abenduaren 13an erabaki genuen batzarrean  Mikel Arruti Salaberria izango zela zerrendaburua, honakoan, Arrutirekin elkarlanean zein talde ariko den berretsi beharko dugu.

 

Batzarreko azkeneko zatian Udal hauteskundeetarako aurkeztuko dugun herri programaren lanketarekin hasiko gara. Eta, jakina, Lezo Errotik parte-hartze prozesua oinarri hartuko dugu herri programa hau osatzeko.