AKTUALITATEA


| 2022-07-21 12:45:00

Lezoko eta Pasaiako EH Bilduk, berriz ere, beren kezka eta haserrea adierazi nahi dute Lezo eta Pasai Donibane lotzen dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako tartearen egoera txarragatik. Herritarrok ezin dugu gehiago itxaron bidegorriaren azken zatiari dagokion obra. Gehiegi atzeratzen ari da, horrek oinezkoentzako eta txirrindularientzako dakarren arriskuarekin.

Gainera, Lezoko eta Pasaiako alkateek bi udalerrien arteko mailegu-bizikleten zerbitzuaren erabilera sustatzeko sinatu duten lankidetza-hitzarmena argazki soil batean geratuko dela uste dugu. Are gehiago bi alkateek jakin badakitenean bi udalerrien arteko ibilbidea amaitu gabe dagoela, oraindik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolamenduko Departamentuak erabat abandonaturik duela. Lotsagarria da esatea akordio horrek «mugikortasun jasangarria, osasungarria eta ekonomikoa» sustatzen dituela, bi udalerrien artean bizikleta erabiltzeak dakarren segurtasun eza alde batera utzita.

Urte batzuk igaro dira Gipuzkoako Foru Aldundiak Lezo eta Donibane lotzen dituen bidegorriaren lanen lehen zatia egin zuenetik. Aipatu beharra dago, bidegorria egitearen ardura eta betebehar osoa aldundiarena den arren, Lezoko Udalak, orain arte egin den zatia egiteko, 189.606,65€ ordaindu zituela (lan osoaren zenbatekoa 722.649,73€). Baina jakina denez, Donibanetik hurbilen dagoen zatiko lanek, garai bateko termikaren orubearen mugakide direnak, oraindik ez dute ez hasiera, ez amaiera datarik ere. Proiektua etengabe atzeratu du Markel Olano (PNV) buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2021eko eta 2022ko aurrekontuetan obra hori egiteko finantzaketa jasotzen bazen ere, oraindik ez baita hasi.

Horiek horrela, Pasaiako eta Lezoko EH Bildu osatzen dugun kideok Lurralde Antolaketako diputatuari, Rafaela Romero (PSE-EE), eta bi herrietako alkateei eskatu nahi diegu lehenbailehen lanean hasteko, herritarrei agindu zieten bezala, 2022. urtea amaitu baino lehen obra hori martxan egon dadin eta amaitzeko data jarriarekin. Sanjuandarrok eta lezoarrok ezin dugu gehiago itxaron, eta uste dugu ez dela zilegi bi udalek bizikletaren erabilera sustatzeko hitzarmenak sinatzea horretarako ibilbideak gehienez ere berrogeita hamar zentimetroko espaloiarekin jarraitzen duen bitartean.