AKTUALITATEA


| 2020-08-06 22:18:00
  • Jesus Mari Martiarena alkateak eta EAJ-PSE gobernu taldeak duten jarrera eta gobernantza moduaren azken adibidea izan genuen.

  • Legegintzaldi haseratik darabilten gobernantza modua eta jarrera dira. Plenoetan egiten ditugun galderen eta erregistratzen ditugun proposamenen aurrean ez dugu inolako erantzunik jasotzen, ez alkatearengandik ez eta EAJ-PSE gobernu taldearengandik.

 

Uztaileko plenoan jarrera horren beste adibide bat bizitu genuen: Orain ardura taldeak plenoan tratatatzeko mozioa aurkeztu zuen. Mozioa azaltzeko eta defendatzeko, taldearen izenean ordezkari bati aretoan sartzeko baimena eskatu zioten alkateari, osasun neurri guztiak betez, jakina: musukoak, distantzia (108 pertsonarentzako eserlekuak dituen aretoan 11 zinegotzi geunden).

 

Hala eta guztiz, Jesus Mari Martiarena alkateak sarrera, eta ondorioz, beraien mozioa azaltzeko eta defendatzeko aukera ukatu zien.

 

Lehen aipatu dugun bezala, jarrera eta gobernantza modu hauek ez dira berriak. Gustoko ez dituzten galderak, beraien lana fiskalizatzeko informazio eskaerak edota beraien lan modutik desberdintzen diren proposamenak aurkezten diren bakoitzean izaten duten jarrera da: erantzunik eza, informazioa ez erraztea eta gai horiek plenoan ez lantzea.

 

Orain dela egun gutxi irakurri genuen, Badian Bizi taldeak behin baino gehiagotan (3 bider) erregistratutako informazio eskaera bat ukatu ziela EAJ-PSE gobernu taldeak. Azkenean, Arartekora jo behar izan dute egoera salatzera.

 

Oso larria da gustoko ez dituzten proposamenen eztabaida ukatzea. Oso larria da gobernu taldearen lana fiskalizatzeko beharrezkoa den informazio publikoa eman nahi ez izatea. Oso larria da azkura sortzen dieten gaiak isildu nahi izatea.

 

Elkarlanean sinisten dugu. Guztion arteko lankidetzan: herritarrak, herriko elkarteak eta eragileak, eta udal taldeak elkarrekin lanean aritzea. Ideia, asmo, ikuskera diferenteen arteko eztabaida benetan aberasgarria da proposamen aberatsak eta eraginkorrak lortzeko.

 

Inteligentzia koletiboaz baliatu behar dugu bizi dugun arlo askotariko krisi honi ahalik eta hobekien aurre egiteko.

 

Baina horretarako, ezinbestekoak dira beharrezko informazioa eskura jartzea, gardentasun osoa izatea, guztiok aukera eta maila berean aritzea, eztabaidatzea eta kritikak onartzea.

 

Azken batean, apaltasunez eta guztion arteko errespetuz aritzea.