AKTUALITATEA


| 2022-02-18 17:20:00

Jaizkibelgo ura betiko galduko du Lezok eta etorkizunean ezingo du baliabide baliotsu hori berriro berreskuratu EAJ-PSE gobernu taldeak proposaturiko hitzarmena sinatuz gero.

 

Ura Wall Streeten kotizatzen hasi ziren 2020ko abenduan. Ura munduko baliabiderik baliotsuena da, altxorra, egungo eta etorkizuneko “petrolioa”.

 

Ur baliabideei dagokienez, Lezok gauza handia du bere ondarearen parte den aberastasuna: Jaizkibelgo ura. Iraganean egindako lan eta inbertsioei esker, egun, Lezoko Udala hainbat ur-azpiegituraren titular da, horien artean Jaizkibelgo ura biltegiratzeko eraikitako 6 depositu: Amezti (200 m³), Monatxo (200 m³), Elortegi (200 m³), Arriaundi (500 m³), Martizkone (300 m³) eta Iparragirre (900 m³). Azkeneko bi horiek, gaur egun, ez dira erabiltzen eta bertako ura errekara isurtzen da.

 

Ondorioz, Lezoko ur kontsumoaren %30-35 inguru ur propioaren bidez asetzen da, Jaizkibelek “doan” ematen diguna, hain zuzen ere. Nola eman diezaiokegu Lezok duen pribilejio hori, ondare hori inori? Bada, bai, EAJ-PSEren udal gobernuak Añarberi eman nahi dio betiko, etorkizunean berreskuratzeko aukerarik gabe, eta Lezok berea duen ur hori Añarberi erosi beharko dio aurrerantzean.

 

Erabaki garrantzitsu hori presaka eta erdi ezkutuan hartu nahi du EAJ-PSE gobernu taldeak, otsailaren 23an, 9:00etan, deitu duen ezohiko Osoko Bilkuran, herritarrei bertaratzeko zailtasunak jarriz.

 

Horrelako erabaki garrantzitsu bat talde guztien artean hitz eginez hartu beharko litzateke, adostasunetara iristeko borondatearekin, herritarrei hasieratik informazioa emanez, haien iritzia kontuan hartuta eta gardentasun osoz. EAJ-PSE gobernu taldeak, aldiz, ez du inorekin hitz egin, ez dio inori informaziorik eman, ez du ekarpenik egiteko tarterik utzi, eta erabakia presaka eta erdi ezkutuan hartu nahi du, otsailaren 23an, 9:00etan, ezohiko Osoko Bilkura bat deituta, herritarrei bertaratzeko zailtasunak jarriz.

 

2021 urteko Lezoko ur kontsumoa

Ur propioa (Jaizkibelgo ura)

220.000 m³

%32,84

Añarberi erosia

450.000 m³

%67,16

Guztira

670.000 m³

 

 

Ur propioz herriko eremu hauek hornitzen dira: industria poligonoak, Gaintxurizketa, baserriak eta landa eremua.

 

Gainerakoa, herri kaskoa, Añarbetik hornitzen da.

 

Lehen aipatu dugun gisan, gaur egun, Martizkoneko eta Iparragirreko deposituak ez dira erabiltzen eta bertako urak errekara isurtzen dira, baina horiek egokitu eta bertako urak berriro (lehen egiten zen modura) aprobetxatuz gero, kontsumorako ur propio dezente gehiago izateko aukera izango luke Lezok, herri kaskoko eremu handi bat hornitzeko gaitasuna izanez.

 

Martizkoneko eta Iparragirreko deposituak egokituta

Jaizkibelgo urarekin herriguneko eremu hauek hornitzeko gaitasuna izateko aukera

Jaizkibel Hiribidea, Kale Nagusia, Gurutze Santuaren Plaza, Goiko Plaza, Donibane kalea, Polentzarrene, Agustina Lizarazu, Antonio Pildain, Guillermo de Lazon eta Hipolito Gezala.

 

Alegia, Lezon, ur propioz hornitzen den %30-35eko zenbatekoa dezente handiagoa izateko aukera dugu jadanik eraikiak diren azpiegiturak egokituz gero, eta ondorioz, Añarberi ur gutxiago erosi beharko genioke.

 

40 urte baino gehiago dira Lezok Jaizkibelgo ura bere ur kontsumo sareari gehitu ziola eta urte horietan guztietan ez da arazo aipagarririk izan; ez ur kalitateari dagokionez, ez eta hornikuntzari dagokionez ere. Oso kalitate oneko ur propioa du Lezok; hala adierazten dute Jaizkibelgo urari laborategietan egindako hainbat azterketak.

 

Lezoar askok gogoan izango dute 1980ko hamarkadaren bukaeran izan zen lehortearen ondorioz, inguruko hainbat herritan ur mozketa handiak izan ziren bitartean, Lezok ez zuela halakorik jasan beharrik izan, Jaizkibelgo urari esker.

 

Altxor handia du Lezok, pribilegio handia. Udalerri gutxi dira Lezok duen bezalako ur baliabide propioa dutenak. Askok nahi lukete Lezok duen oinarrizkoa den ur baliabidea.

 

Añarbeko mankomunitateko kide diren eta, aldi berean, ur baliabide propioak dituzten herriek ez diote baliabide horri uko egiten -Urnietak izan ezik-, eutsi baizik. EAJ-PSEren udal gobernuak, aldiz, baliabide horri uko egiteko asmoa du, oparitu egin nahi dio Añarbek gero inbertsio batzuek egingo dituen aitzakiarekin.

 

EAJ-PSE gobernu taldeak, herriarena den baliabide garrantzitsu hori gorde eta zaindu beharrean, Añarberi eman nahi dio, inoiz berreskuratzeko aukerarik gabe. Hau da, EAJ-PSE gobernu taldearen kudeaketaren ondorioz, Lezok Jaizkibelgo ura betiko galduko du.

 

EH Bilduk, herriko baliabideak eta haien kudeaketak udalaren esku, hau da,herriaren esku egon behar dutela uste du. Etorkizunean ura bezala hain oinarrizkoa eta baliotsua izango den baliabideen kudeaketarako autonomia ahalik handiena izateko eta herriko interesen aurka joka dezaketen menpekotasunak saihesteko.