AKTUALITATEA


| 2020-04-29 22:20:00
  • Udalak FFP2 motako musukoak, maskarak bana ditzala osasun-arrisku taldean dauden eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritar guztien artean.

 

Azken egun hauetan konfinamenduaren arintzeari buruz hitz egiten ari direla entzuten dugu. Lehengo igandean, haurrek eta gaztetxoek ordubetez kalera irteteko aukera izan zuten, azkenean.

 

Konfinamenduaren arintzea nola izango den osoki ez dakigun arren, musukoak, maskarak erabiltzea onuragarria eta gomendagarria dela diote adituek. Baliteke, epe motzean, eremu batzuetan musukoak erabiltzea beharrezkoa izatea, gainera.

 

Datorren egoera berriaren aurrean, Lezoko EH Bilduk proposamen hau egin dio gobernu taldeari:

 

  • FFP2 motako musukoak bana ditzala berehalakoan, ondoko herritar hauen artean:

 

  1. Osasun-arrisku taldean dauden herritar guztiei:

 

    • 65 urtetik gorako herritar guztiei.

    • Osasun arazoren batengatik arrisku taldean dauden herritarrei.

 

  1. Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritar guztiei.

 

FFP2 motako musukoek ingurukoak babesteaz gain, norbera babesteko ere balio dute. Musuko hauek behin baino gehiagotan berrerabili daitezke.

 

Herritar guztion egoera eta bizi baldintzak ez dira berdinak. Lehentasuna osasun egoera zaurgarrian eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrengan jarri behar dela uste dugu. Horrek ez du esan nahi, gainerako herritarren artean banatzeko aukera baztertu behar denik. Egoeraren arabera, aztertu beharreko pausoa izan daiteke.

 

Larrialdi egoera honen hasieran musukoak lortzea ia ezinezkoa zen. Guztiok ikusi, irakurri eta jakin dugu ospitaletako, adineko egoitzetako, nahiz, langile soziosanitarioek izan dituzten gabezien berri.

 

Dirudienez, gaur egun, musukoen, maskaren stockak gora egin du hasierako gabezia arazoak konponduz. Hau guztia kontuan izanik egiten dugu gure proposamena.

 

Banatzaile batekin harremanetan jarri gara eta gobernu taldeak gure proposamena ontzat hartuko balu, musukoak denbora gutxian izan genitzake eskura.