AKTUALITATEA


| 2023-02-01 20:25:00

Urtarrileko Osoko Bilkuran, Lezoko aparkaldi mugatua arautzeko ordenantza berria onartu zuen EAJ-PSEko gobernu taldeak. Horren ondorioz, Polentzarrene, Hipolito Gezala, Guillermo De Lazon, Zubitxo (23-37) eta Elias Salaberria kaleetan lezoarrek soilik aparkatu ahal izango dute 20:00etatik 8:00etara. Horretarako, pegatina bereizgarri bat eskatu beharko da udaletxean 10 € ordainduz.

 

Irizpide orokor gisa, proposatzen diren neurriak egokiak izan daitezke, beti ere, arazoaren arrazoiak identifikatu eta neurrien eraginkortasuna eta ondorioak jakiteko azterketa egina badago.

 

Lezoko EH Bilduren iritziz, irizpide orokor gisa egokiak izan daitezke EAJ-PSEko udal gobernu taldeak proposatzen dituen neurriak, beti ere, edozein neurri hartu aurretik, arazoaren zergaitiak eta proposatzen diren neurrien eraginkortasuna eta ondorioak ongi aztertuak badaude.

 

Neurri hauek hartzeko ez da azterketarik egin. Arazoaren zergaitiak ezagutu gabe, proposatzen diren neurriak eragozpen bihurtu daitezke herritarrentzat.

 

Neurri horren proposamenean ez da inolako azterketarik agertzen. Batzordean eta Osoko Bilkuran galdetuta, azterketarik ez dagoela egina adierazi zuen EAJ-PSE gobernu taldeak. Hau da, kale horietara, Lezotik kanpoko herritarrak etortzen ote diren aparkatzera aztertu eta jakin gabe hartu du erabakia EAJ-PSEko gobernu taldeak.

 

Egun hauetan, beste neurri baten berri ere eman du gobernu taldeak: Trafiko_aldaketak_zenbait_kaleetan. Kasu horretan ere, ez dago neurri horrek sortu ditzakeen ondorioen azterketarik.

 

Susmoak eta usteak ez dira oinarri sendoak neurriak hartzeko. Errealitatean oinarritutako datuak behar dira. Bestela, arazoa konpontzeko hartzen diren neurriak eraginkorrak ez izatea gerta liteke, eta okerrena dena, konponbide izan ordez, herritarrentzat traba bihurtu litezke.

 

Horregatik, arazoaren zergaitiak ezagutu gabe eta proposatzen diren neurrien eraginkortasuna eta ondorioak zein izan litezkeen jakin gabe, horrelako neurriak hartzeak zalantzak sortzen dizkigu.