AKTUALITATEA


| 2022-01-29 10:37:00

EH Bilduk, alkateak eta EAJ-PSE gobernu taldeak darabilten jarrera salatu nahi du. Herritarren hitza isilaraztea eta parte-hartzea debekatzea oso kontu larria baita. Udala herritarren zerbitzura egon beharrean, herritarrei Udaleko ateak ixten ari dira. Horregatik, alkateari eta gobernu taldeari duten jarrera alboratu eta herritarrek Osoko Bilkuretan parte-hartzeko duten eskubidea errespeta dezaten eskatzen die.

 

Azkeneko gertaera urtarrileko Osoko Bilkuran izan genuen hainbat herritar Osoko Bilkuran parte hartzen saiatu, baina alkateak, udaletxeko atea itxiz, sarrera galarazi zienean, COVIDaren aitzakipean.

 

Udalak COVIDari aurre egiteko osatua duen planean areto bakoitzak osasun neurriak beteaz izan dezakeen gehienezko edukiera zehazten da. Udalaren plan horren arabera Osoko Bilkura gelan 16 pertsona sar daitezke.

 

Urtarrileko Osoko Bilkuran 11 zinegotzik eta 2 teknikarik parte hartu zuten, 13 guztira. Begi-bistakoa da ez zegoela inolako arrazoirik 3 herritarren sarrera debekatzeko, gutxienez.

 

Atzokoa ez da alkateak herritarren sarrera debekatzen duen lehen aldia, baina. 2021eko ekainean ere, Gezala auditoriumean burutu zen Osoko Bilkuran, herritarren parte-hartzea debekatu zuen. Kasu horretan, 13 zinegotzik eta teknikari batek parte hartu zuten, 14 pertsona guztira. Gezalaren edukiera, garai hartako COVIDari aurre egiteko osasun neurriak kontuan izanda, 60 pertsonakoa zen, baina orduan ere, herritarren sarrera debekatu zuen.