AKTUALITATEA


| 2020-03-18 14:21:00

Bizi dugun larrialdi momentu hau ondoen gainditzeko zaintza komunitarioa behar beharrezko dugula uste dugu.

Zaintza sarearen kudeaketa udalak egin behar duela uste dugu, bera baita segurtasun neurri handiekin egiteko baliabide gehien dituena.

Egun konplikatuak ari gara bizitzen. COVID-19 koronabirusa dela eta alarma egoera batean gaude. Bizi dugun larrialdi momentu hau ondoen gainditzeko zaintza komunitarioa behar beharrezko dugula uste dugu.


Jakingo duzuenez, asteburuan, boluntario sarea osatzeko ekimena abiatu dugu Piztu Lezotik eta EH Bildutik. Benetan, mila esker. Dagoeneko 80 lezoarrek baino gehiagok eman dute izena. Izugarria da agertu duzuen konpromisoa eta elkartasuna. Eskerrik asko.


Erakutsi duzuen konpromisoa eta gogoa izugarria da, baina hau guztia, arduraz eta osasun segurtasun neurri guztiekin abiatu behar dugu. Boluntarioen eta sarearen beharra duten herritarren osasuna zainduz. Kontu larria dugu eta ezin dugu arinkeriaz jokatu. Lasaitasunez, ardura osoz eta osasun neurri guztiak betez aritu behar dugu.


Uste dugu udalak izan behar duela boluntario zerrenda eta zaintza sare hau kudeatu eta artikulatu behar duena. Udala baita baliabide gehien izan ditzakeena hau guztia osasun segurtasun neurri handiekin egiteko.


Udal gobernuari ekimen honen berri eman diogu eta boluntario zerrenda helaraziko
diogula ere jakinarazi diogu.

Begionez jaso du proposamena udalak eta ahalik eta azkarren, oharra kaleratuko du honen guztiaren berri emanez eta boluntario sarean izen emateko aukera aipatuz.

Dagoeneko boluntario sarean izena eman duzuenek ez duzue berriro izena eman beharrik. Guk helaraziko diogu orain arteko zerrenda udalari.

Egoeraren diagnosia egin, beharrak identifikatu eta egitekoak zehaztu ondoren, udala jarriko da harremanetan boluntarioekin.

Bitartean, lasai egon, etxean geratu gaitezen, osasun segurtasun guztiak bete eta arduraz jokatu dezagun.

Mila esker izaten ari zareten jarreragatik.

Elkar zaindu dezagun. Guztion artean lortuko dugu.