AKTUALITATEA


| 2021-09-29 21:47:00
  • EAJ-PSE udal gobernuak 148.655€tan igo nahi du udal soldaten zenbatekoa langile guztiei soldata maila igoz eta Musika Eskolako arduradunari %10eko dedikazio gehigarria emanez.

 

Soldata mailen igoeraren kasuan erabakia kontsolidatua geratzen da, gainera. Hau da, soldata maila igoerak ezingo dira berriro murriztu. Ondorengo legegiltzaldietan, beraz, ezingo dira soldata maila igoerak atzera bota eta Lezoko Udalaren aurrekontuaren zati handi bat hipotekatuko luke.

 

Ondorioz, 2022tik aurrera, soldaten gastua 143.500€ gehiagotan handituko zaigu (udal aurrekontu osoaren %1,54a). Zenbateko horri antzinatasunak, etorkizuneko soldata igoerak edota dedikazio gehigarriak gehitu beharko genizkiolarik.

 

Kontzeptua

Zenbatekoa urteko

Langile guztiei soldata maila igo

143.500 €

M.E. Arduradunari %10eko dedikazio gehigarria

5.155 €

Guztira

148.655 €

 

Hau guztia, inolako azterketa eta txosten teknikorik egin gabe onartu nahi dute EAJ eta PSEko zinegotziek irailaren 30ean,19:00etan, burutuko den Osoko Bilkuran. Legeak eskatzen duen beharrezko justifikazio edo memoriarik ere aurkeztu gabe, udal Idazkariak ohartu zien moduan.

 

Horren aurrean, EH Bildutik, udal-langileen lan-baldintza duinen aldeko jarrera argia dugun arren, uste dugu tamaina horretako erabakiak ongi aztertuta eta ongi justifikatuta hartu behar direla. Lezoko herritarron diru-baliabideak herritar guztion ongizatea hobetzera bideratu behar baitira eta udalak horretarako dituen baliabide mugatuak zuhurtziaz, zorroztasunez eta modu arduratsuan kudeatu behar ditu.

 

Horregatik, EH Bildutik, beharrezko azterketak egin eta udal langileren baten edo batzuen soldatak egokitzeko benetako justifikaziorik egon ezean, proposamena bertan behera uzteko eskatzen diogu EAJ-PSE gobernuari, eta 148.655€ horiek herriko eta herritarren beharrei erantzuteko bideratu daitezela.