Orain urte bat, herritarrek osoko bilkura eta batzordeetan parte hartzeko araudia onartu zuen udalbatzarrak. EHBildutik gure desadostasuna adierazi genuen, murriztailea eta mugatzailea iruditzen zaigulako; beste gauzen artean, adibidez, 2 interbentziotara mugatzen duelako herritarren parte-hartzea eta aldez aurretik batzarrean edozein azalpen eman nahi bada, 5 egun lehenago eskatu behar zaio baimena alkateari.
Azken puntu horri lotuta, egoera gehiago zailtzen da, batzuetan Udalak 2-3 egun lehenago zabaltzen duelako udal batzarreko deialdia eta gaur egungo araudiarekin ezinezkoa izaten da herritarrek udal batzarrean landu behar diren gai konkretuetan inguruko galderak egitea edo azalpenak eskatzea.
Maiatzeko udal batzarrean herritar batek zebra bideen inguruko galderak luzatu zizkion alkateari. Alkatea jabetu zen herritarrak ez zuela galderak bideratzeko eskaera idatziz helarazi, baina udal batzarrak onartutako ordenantza apurtuz, erantzun egin zion herritarrari. EHBildutik galdera hau egiten dugu. Alkateak zergatik egiten du halako bereizketa herritarren artean?
EHBilduk udal irekia, gardena eta parte hartzailea nahi du, eta iruditzen zaigu araudi horrek ez duela helburu horiek betetzen. Beharrezkoa ikusten dugu Udalean parte hartzeko moduak eta bitartekoak aztertzea (lan talde parte-hartzaileak, batzordeak, informazio eskubidea...), eta gaur egun indarrean dagoen araudiak bertan behera gelditu beharko luke, mugatzailea eta murriztailea delako.