AKTUALITATEA


| 2023-04-11 19:20:00

Aurreko astean, apirilaren 4an, “Gazte Zentroko” eraikinaren analisia egin genuen. Herrian dauden eraikinak eta azpiegiturak aztertzen ari gara, gure hauteskunde programan horien inguruko proposamenak egiteko. Eraikinaren egoera ikusita, zabor asko topatu dugu barnean eta egoera aski kaxkarra. Besteak beste, koltxoi zaharrak daude, plastikoa nonahi, zikinkeria, etab.

Horrekin batera, dena nahiko desordenatua ikusi dugu, material erabilgarria eta ezertarako balio ez duena dena nahasian, txabola moduko bat eta Caballin etxean bere garaian irina egiteko erabiltzen ziren makinak (herriko ondare kulturala), inolako babesik gabe. Eraikina bera ere ez dago egoera onean. Horregatik, eraikineko zaborra garbitzeko eskatu dugu Udalean, materiala ongi ordenatzeko eta Caballin etxeko makinak behar bezala babesteko; eraikinari dagokionez, iruditzen zaigu adituek txosten bat egin behar luketela eraikinaren egoera teknikoa nolakoa den jakiteko. Hori ere eskatu dugu, ezinbestekoa baita edozein pauso emateko.

Aurrera begira, eraikin horri konponbide bat emateko beharra ikusten dugu zabortegi bihurtu baino lehen, eta herritarrekin batera, prozesu bat ireki behar litzateke eraikin horrek benetako erabilera bat izan dezan, kultur arloan dauden beharrak asetzeko adibidez, edo haurren, nerabeen eta gazteen aisialdiari erantzuteko, edo herriko eragileen azpiegitura beharrak asetzeko, edo prozesu horretan ager litezkeen bestelako aukera batzuk ere landu ahal izango lirateke.