Atzo Lekunberriko Udaleko Kontuen Batzordea bildu zen eta aho batez onartu zituen 2023ko kontuak. Horrela, kontuen egoeratik abiatuta, alkatetzan daramagun urte honetan hartu ditugun hainbat neurrien inguruko azalpenak eskaini nahi ditugu:
1-2023ko ekainean Udal Gobernuan sartu eta kontuak aztertzen hasi ginenean, gastuen ataleko puntu batzuk erabat desorekatuta zeudela ohartu ginen, egoera bideratzeko neurriak hartu behar izan zirelarik:
-Kultur teknikaria 2023ko maiatzean kontratatu baldin bazen ere, bere ordainsariari aurre egin ahal izateko ez zegoen inolako partidarik aurrekontuetan. Ondorioz, 10.000 euroko partida berri bat sortu behar izan genuen 2023ko soldatari aurre egiteko.
-Karabanen aparkalekuan egindako obretarako 10.000 euroko partida zegoen aurreikusia aurrekontuetan, baina ordurako 52.908,74 euro gastatu ziren. Honen aurrean, aurreikusi gabeko gastu hauei aurre egiteko aurrekontuen moldaketa egin genuen gerakineko dirua horretara bideratuz.
-Kiroldegiko diru-sarreretan 375.000 euro zeuden aurreikusiak, baina errealitatean 291.677,79 eurokoak izan dira diru sarrerak 2023an. Aurreikuspen horiek, beraz, ez ziren errealak eta eragin zuzena izan zuten kontuetan. Ondorioz, defizita uste baino handiagoa izan zen, eta horri erantzuteko eta beste gastu batzuetan izan diren igoerei aurre egiteko, zerbitzuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko tasak %5 igo behar ziren 2024an.
-Alkatearen soldata egokitu eta murriztu egin genuen; 40.500 eurotik 21.000 eurora.
-Zenbait komunikabideri hilero 1.200 euro ordaintzen zizkion Udalak. 2022an adibidez, 14.000 euro eman zitzaizkion egunkari bati. Ordainketa horiek bertan behera utzi genituen, neurri horretako gastuek behar adinako justifikaziorik ez zutelako.
-Herriko festen kudeaketa eramateko pertsona bat kontratatuta zegoen eta bertan behera utzi genuen kontratua.
-Aurreko legealdian, alkateak soldatarekin batera jasotako dieta batzuk (bileretarako kilometrajea, otorduak,..) aztertu ondoren, gastu horien kontrol egokirako neurriak hartzea eta irizpide zehatzak ezartzea ezinbestekoa da eta lan horretan ari gara. EH Bildutik uste dugu arduraz eta proportzionaltasunez kudeatuko behar direla gastu horiek eta udalean izan diren jardunbide batzuk neurriz kanpokoak izan dira, gure ustez: 2022an, adibidez, erretegi batean 680 €-ko faktura ordaindu zuten Udaleko diruarekin afari batean (136 € pertsona bakoitzeko).
-Ikasleen garraioa berrantolatzeko elkarrizketetan hasi ginen Hezkuntza Departamenduarekin, eta kudeaketa horren ondorioa izan da gastua nabarmen jaitsi dela: 2023ko lehen seihilekoan 16.000 euro ordaindu zituen Udalak, eta 2. seihilekoan, EH Bildu udal gobernura iritsi denetik, 2.000 euro. Argi dugu Iruñera eta Leitzara ikasleak garraiatzeak dakarren gastua Hezkuntza Departamenduak hartu behar duela bere gain, eta lortzen ari gara.
Neurri horiei eta beste batzuei esker, gastuen atala kontrolatzeko bidean jarri dugu eta beharrezkoak ez ziren gastuak bertan behera utzi ditugu.
2-Harturiko neurrien ondorioz, 2023ko kontuek emaitza hau ematen digute.
20.836,65 euroko superabita. Sarrerak 2.892.305,53 eurokoak izan dira eta gastuak 2.856.749,77 eurokoak; horrek esan nahi du 20.836,65 euroko emaitza positiboa izan dela. Momentu honetan, Udalak daukan gerakina edo erremanentea 529.132,30eurokoa da; aurreko urtean, berriz, 482.210,06 eurokoa izan zen. Eta aurrekontuaren emaitza doitua +135.714,08 eurokoa izan da.
Era berean, Lekunberriko Udalaren zor bizia 658.439,46 eurokoa izan zen 2023ko amaieran. Azken urteetako zorpetze handiak eragin handia izan du hainbat eremutan (Berdintasunean, herria mantentzeko lanetan edo kulturan murrizketak gertatu ziren), eta zergak nabarmen igo izan dira (saneamendua eta uraren tasa, esaterako).
Murrizketa horiei buelta ematea eta zerga sistema justuago bat ezartzea izango da gure lehentasunetako bat. Eta dagoeneko hasiak gara horretan: ur horniduraren tasa berraztertzen ari gara eta %10 murriztu dugu, mantentze lanetan, esaterako, hirugarren langile bat kontratatu dugu eta plan bat lantzen ari gara eremu hori indartzeko, kultur mahaia berrantolatzen ari gara ahalik eta programa zabalenak eskaintzeko…
3- Aurrera begira: 2023ko kontuek utzi diguten emaitzei esker, herriarentzat beharrezkoak diren proiektuak aurrera eramango ditugu eta zerbitzu publikoak hobetzeko erabiliko ditugu Udal baliabideak. Herri berdinzaleagoa eta justuagoa eraikitzeko helburua baitugu, Lekunberriren eta lekunberriarren alde.