2023ko maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, egoera tamalgarrian zeuden Iturriburuko etxebizitzei irtenbide praktiko bat eman ahal izateko lanari ekitea izan zen Udal Gobernuaren helburu nagusietako bat, eta eskura ditugun baliabide tekniko eta politikoak erabili ditugu horretarako, lana modu diskretuan eginez. Horretan aritu gara buru-belarri legealdiko lehen urte honetan eta, zorionez, orain emaitza batzuk ikusten hasiak gara: Iturriburuko 36 etxebizitzak konpontzeko obra baimena ematearekin batera, hasiak dira etxebizitzak konpontzeko prozesuan eta azken asteetan langileak ikus daitezke pisuetan lanean.
Esan bezala, eskura genituen baliabideak erabiltzea izan da gure apustua, eta elkarlanean aritu gara Nafarroako Gobernuarekin eta SAREBekin, eta EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan eta Madrilgo Kongresuan dituen ordezkarien bitartez ere interlokuzio zuzena landu eta sustatu dugu, ate guztiak jotzeko helburuz. Horren adierazle da Oskar Matute diputatuak Espainiako etxebizitza ministroari zuzenean eskatu izana Lekunberriko etxebizitzei irtenbide bat emateko.
EHBildutik behin baino gehiagotan azaldu dugun moduan, herriarentzat albiste ona dela uste dugu, eta horrexegatik, eskerrak ematea dagokigu laguntza eta babesa eskaini duten guztiei. Aurrerantzean ere elkarlanaren alde eginez jarraituko dugu eraikin eta etxebizitza horien inguruan eman daitezkeen beste pauso batzuk ere lantzeko. Eta obren jarraipena egingo dugu dena behar bezala joan dadin.
Etxebizitza horiekin gertatu dena hirigintza politika intentsibo, deskontrolatu eta neurriz kanpoko baten ondorioa izan da, zalantzarik gabe, eta irakasgai ona da hirigintzaren arloan zer ez den egin behar ikasteko. EHBildutik konpromiso argia dugu bestelako norabide batean lan egiteko, horrelakorik berriz gerta ez dadin.