AKTUALITATEA


| 2024-11-27 10:30:00

Azkeneko legealdietan, EHBilduk Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko eskaera egin izan du Udalean. Euskalgintzako eragileek ere babestu izan dute eskaera hori, denok baitakigu aurrerapauso handia ekarriko lukeela euskararen normalizazioan, bai Udalean eta baita herrian ere. Tamalez, aurreko legealdietan ezezkoa jaso izan dugu, baina legealdi honetan UEMAn sartzeko konpromisoa hartu dugu eta biharko ohiko batzarrean (azaroak 28) berriz bozkatuko dugu Lekunberriko Udala UEMAn sartzeko eskaria.

UEMAko kide izateak  hainbat zerbitzu jasotzeko aukera emango digu Udal eta herri gisa: udal zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko baliabideak jasoko dituzte langileek (espedienteen lanketa, aholkularitza eta trebakuntza, itzulpen zerbitzua...) eta udalerriko esparruak normalizatzeko ekintzak (hezkuntza programa, garapenari eta turismoari loturiko neurriak, herrira iristen diren biztanle berrientzako harrera protokoloa...); horrekin batera, herritarrak sentsibilizatzeko lanketa egiten ere lagunduko digu UEMAko herrien arteko elkarlana sustatzen. Gaur egun, UEMAn 111 udalerrik osatzen dute, eta osotara 346.000 biztanleko lurgune euskalduna saretzen du.

UEMAn sartzeagatik, gainera, dirulaguntza bat eskuratuko dugu Nafarroako Gobernutik, eta dirulaguntza horri esker, itzuli egingo digute kide egiteagatik ordaintzen den kuotaren %85: Lekunberrik 7.421 euroko kuota ordaindu beharrean,  1.113 eurokoa besterik ez luke ordaindu beharko.

EHBildutik argi ikusten dugu Lekunberriko herritarren hizkuntza eskubide guztiak bermatzeko aurrerapauso garrantzitsua dela. Euskara Batzordean aspaldidanik egin izan da gogoeta euskararen erabileran indarra egin beharra dagoela, legealdi honetan Ibarberri ikastetxeko zuzendaritza taldearekin ere bilerak egin ditugu euskararen erabileraren inguruan dituzten kezkak partekatzeko, eta ikusten dugu UEMAk eskaintzen duen babesa eta zerbitzua lagungarriak izango direla euskararen normalizazioan pausoak emateko. Horregatik, Lekunberri UEMAko 112. herria izateko apustua egingo du EHBilduk.