2019ko urrian, EHbilduk proposatuta, Lekunberriko Udalak aho batez onartu zuen Nafarroako Kontuen Ganberak herriko ur horniduraren eta saneamendu zerbitzuaren inguruko ikuskaritza egitea. Eta horrela, joan den ekainaren 29an izan genuen txostenaren berri.
Txostena aztertuta, EHbildutik honako alderdi hauek nabarmendu nahiko genituzke:
Zerbitzuaren kostuari dagokionez, Nafarroako Kontuen Ganberak ezin izan du kalkulatu zerbitzuaren kostua zenbatekoa den, eta hain zuzen, horixe da erreferentzia nagusia ur eta saneamendu tasa ezartzeko: kostua zenbatekoa, horren araberakoa izan behar du tasak. Alde horretatik, esan behar dugu Kontuen Ganberak egindako txostenak hutsune hori duela. Edozein modutan, analisian hainbat datu ematen ditu Kontuen Ganberak:
- Azkeneko 15 urteetan, 2.667.374€-ko inbertsioak egin dira ur hornikuntzari eta saneamenduri loturik, eta horietatik %11 inguru finantzatu ditu Lekunberriko Udalak (289.658 €). Zatirik handiena Nafarroako Gobernuak ordaindu du, % 86 (2.301.121 €), eta Ertzillako Partzuergoak %3a (76.596 €).
- Azkeneko 4 urteetan, ur horniduraren eta saneamenduaren zerbitzuarekin zuzenean lotuta dauden diru sarreren eta gastuen arteko diferentzia aztertuta, 1.123.196€ saldo positiboa ematen du.
Nafarroako Kontuen Ganberak emandako datuak kontuan hartuz eta azkeneko hamarkadan izan diren datuak aztertuz, nahiko argi ikusten da Udalak zerbitzua ematea kostatu zaiona baino askoz gehiago jaso duela, eta lehen ere esan dugu kostuaren araberakoa izan behar duela tasak. Horregatik, EHBildutik beharrezkoa ikusten dugu Nafarroako Kontuen ganberaren gomendioa betetzea eta ur horniduraren eta saneamenduaren zerbitzuak zenbateko kostua duen aztertzea. Adibidez, Inguruko herriekin konparazioa eginda, adibidez, Lekunberriko tasak altuagoak dira.
Kontuan Ganberak egindako txostenean, bestalde, argi gelditu da Lekunberriko Udalak 2013. urtean mailegua bat jaso zuela Nafarroako Gobernutik, zenbait hornitzailerekin genituen zorrak kentzeko, eta mailegu horren truke, Udalak konpromiso batzuk hartu behar izan zituen: besteak beste, saneamendu eta ur tasa %2 igotzea urtero. EHBildutik uste dugu hau ez dela bidezkoa, ur eta saneamendu tasa ezin delako erabili urarekin zerikusirik ez duen zorra kitatzeko.
Horrekin batera, Nafarroko Kontuen Ganberak irregulartzat jo du industrialdea eta biztanleak hornitzen dituzten ur biltegiak mantentzeko enpresa batekin egina dagoen kontratua.
Bukatzeko, EHbildutik Nafarroako Kontuen Ganberak egin dituen gomendio guztiak betetzeko eskatuko dugu, eta azken urte hauetan Lekunberriko Taldeak egindako politiken ondorioz ur hornidurarekin eta saneamenduarekin gertatzen ari dena konpontzeko bideak proposatuko ditugu.