FUTBOLEKO CAMPUS BAT EGINGO DUTE EKAINEAN, ETA PARTE-HARTZAILE BAKOITZAK 2.000 € ORDAINDU BEHARKO DITU.
Orain dela hilabete batzuk, prentsaren bidez jakin genuen Lekunberrin futbol campus bat egitekoa dela uda honetan. EHBildutik galdera egin genion alkateari, jakin nahi genuelako Udalak eta enpresak hitzarmenik egin ote zuten ekimen hori gauzatzeko. Hitzarmenik ez zegoela adierazi zigun alkateak, baina aurkeztuko zutela. 2022ko otsaileko udal batzarrean onartu da hitzarmen hori, Lekunberriko Taldearen aldeko botoekin. EHBilduk aurkako botoa eman zuen.
Lekunberriko Udalak sareetan zabaldu duen mezuan, azken alderdi hori nabarmendu du, eta herritarrek pentsa dezakete nahi duenak parte hartzeko aukera izango duela eta dohain gainera, baina ez dirudi horrela izango denik. Campusak antolatzen duen enpresaren webgunean jartzen duenez, 20 lagunek parte hartuko dute, ez nahi duten guztiek. Parte-hartzaile bakoitzak, gainera, 1.650 € eta BEZa ordaindu beharko du. Hau da, 2.000 € guztira.
Gaur egun, kirol instalazio publikoak erabiltzeko, bazkide izan beharra dago, eta bazkide ez direnek alokatu egin behar izaten dituzte kuota bat ordainduta. EHBilduren iritziz, enpresa pribatuekin ere berdin jokatu behar da, are gehiago 40.000 €-ko edo hortik gorako diru sarrerak izango dituela jakinda.
EHBilduren ustez, 2.000 €-ko kuota ordaintzea ez dago familia guztien eskura, eta, alde horretatik, planteamendu elitista iruditzen zaigu. Kirolaren inguruko planteamenduak askoz ere herrikoiagoa eta parte-hartzaileagoa izan behar luke, eta instalazio publikoak herritarren zerbitzura jarri behar dira, ez negozioa egin nahi duten enpresa pribatuen eskura.