AKTUALITATEA


| 2022-07-15 08:49:00

Lehenik eta behin, begi bistakoa da azken urte hauetako krisiak eragina izaten ari direla gure herrian (osasun krisia, krisi klimatikoa, energia krisia…), eta horri gehitu behar zaizkio herrian ohikoak diren bestelako zenbait arazo (etxebizitza, mantentze lanak, gardentasun falta, berdintasun plan eta politiken falta, euskararen aldeko jarrera aktibo eskasa…). EHBildutik proposamenak landu eta aurkeztu ditugu horiei aurre egiteko: etxebizitza eskubidea bermatzeko, aldaketa klimatikoari aurre egiteko, parte-hartzea sustatzeko, uraren politikak aldatzeko, herri mantenua hobetzeko, indarkeria matxistaren kontra egiteko, euskaldunon eskubideak errespetatzeko… Ez diogu babesik emango herritarren kaltetan diren proposamenei, baina onak direnean, aldeko jarrera izan dugu eta ekarpenak egin ditugu: Malkorra berreskuratzea, Parke estalia egitea (gure programan zeuden bi proiektu), Covidaren aurkako neurriak, kultur taldeei dirulaguntzak ematea... Azken boladan, dena den, agerian gelditu da udal gobernu honek ez duela gaitasunik akordioetara iristeko ez oposizioarekin, ez herritar eta eragileekin, eta ez inguruko instituzioekin ere, eta horrek arazoak ekarri ditu. Gauza asko egiten ari direlako itxura eman nahian, sarritan azaleratu da planifikazio falta: plazako trafiko aldaketak, Beti Kozkorreko krisia, erreka garbiketaren ondoren jasotako salaketak eta isunak, uraren tasarekin egindako politikak, kontratazio irregularrak... Jendearen beharrak eta aurrean ditugun erronkak ulertzen jakingo duen taldea behar dugu gobernuan, konfiantza eta segurtasuna emango duen gobernu bat. Eta horretarako, printzipio hau jarri behar da erdigunean:  esaten dena egin, eta egiten dena esan.