AKTUALITATEA


| 2022-10-26 09:18:00

2009. urtean, Lekunberriko Udalak kontratu bat sinatu zuen enpresa batekin, biomasako galdarak instalatu zitzan eta igerilekuan, kiroldegian eta ikastetxean ur beroaren eta berogailuaren beharrak ase zitzan. Kontratu hark 10 urteko iraupena zuen, eta ondoren, Lekunberriko Udalaren menpe geldituko ziren instalazioak. Biomasa galdara horiek pelleta erabiltzen dute erregai gisa, eta kontratuan esaten zen ur beroari eta berogailuari loturiko behar guztiak aseko zituela.

Instalazio horiek, tamalez, arazoak eman dituzte hasieratik bertatik, eta egin izan diren azterketetan argi ikusi da gasa ere neurri handian kontsumitu dela. Honela zioen 2015ean egindako azterketa batek: “Aunque la piscina se encuentre conectada a una red de calefacción urbana que proporciona calor por medio de la combustión de biomasa,[...] queda demostrado que aun así, requiere de un elevado consumo de gas”.

Biomasa galdaren kudeaketa 10 urte hauetan

2015eko azterketaren ondoren, eta Biomasa galdara behar bezala ez zebilela ikusita, EHbildutik gaia argitzen saiatu ginen, eta egoera konpontzeko zenbait proposamen aurkeztu ditugu. Baina Udaleko gobernu taldetik esaten zitzaigun ezer gutxi egin zitekeela, instalazioak enpresaren esku zeudelako.

2020. urtean, enpresarekin egindako kontratua bukatu eta instalazioak Udalaren eskutara pasatu ziren. Instalazio horien egoera nolako zen jakiteko, txosten tekniko bat eskatu zitzaion aholkularitza energetikoa ematen duen enpresari, eta hauxe adierazi zuen, hitzez hitz: “Además de los defectos descritos anteriormente, se constata que no llega energía suficiente a la subestación de calor del colegio por falta de temperatura en la distribución. Esto, probablemente sea debido a un volumen insuficiente del depósito de inercia”.

Gobernu taldearen arduragabekeria

Txosten horretan, Udalaren teknikoak garbi utzi zuen instalazioak akats larri bat duela; hau da, Udal gobernu taldeak bazekien instalazioak gaizki zeudela, eta EHBildutik behin eta berriz esan genien Udalak ez zitzakeela bere gain hartu egoera horretan, horrek ondorio ekonomiko larriak ekarriko zizkiolako Udalari eta herritarrei, baina aurrera jarraitu zuten.

Ondorio ekonomiko larriak

Azkenean, 2020an esan genuena gertatu da: 2021eko kontuetan, kirol instalazioetan dagoeneko 17.968,96 €-koa izan zen gasaren faktura (irakurketa estimatuak dira, ez errealak). Eta 2023ko aurrekontuetan kiroldegian gastua 90.040 €-koa izango dela aurreikusten da. Hau da, pelletarekin bakarrik funtzionatu beharko luketen instalazioak pellet gastua dauka (50.000€) eta gasarena ere bai, pelletarena baino handiagoa gainera! Gobernu Taldetik sinetsarazi nahi digute, instalazioa zahartu ahala, arazoak ematen ari dela eta horregatik egin duela gora gas kontsumoak. Baina ez da hala. Beti kontsumitu izan du gas asko, gaizki egina zegoelako, eta krisi garai hauetan, gaizki prestatuta dagoen instalazio bat dugu, eta ez du balio energia prezioen gorakadari eusteko.

Hemendik aurrera zer?

EHBildutik uste dugu instalazio horiek egoera onean jaso behar genituela 2020. urtean, eta diseinu arazoak badaude instalazioan, arduradunari eskatu behar zaizkiola. Horrekin batera, energia azterketa serio bat egin beharko litzateke, eta bideragarritasun plan bat zehaztu instalazio horietarako. Eta orduan baloratu zer-nolako neurriak hartu behar diren. Zoritxarrez, hemen ez da holakorik egin, eta dagoeneko 2023ko aurrekontuak onartu behar dira, azterketarik egin gabe, jakinda gainera instalazioetan arazoak daudela, eta horrek kalte egiten diela zerbitzuen efizientziari eta kudeaketa ekonomikoari.