Urtarrilaren 27an egindako udal batzarrean, Beti Kozkor klub publikoko estatutu berrien inguruan EHBilduk egin dituen proposamenak landu ziren. Sei arlo hauek nabarmentzen zituzten gure zuzenketek:
-Bazkideen Batzarra ez ezabatzea, eta organo hori izatea bazkideekin erabakiak hartzeko gunea.
-Lehendakaria, lehendakariordea eta Zuzendaritza batzordea udal batzarrak hautatzea; hau da, bozketa udal batzarrak egitea.
-Udal zinegotziek Zuzendaritza Batzordeko kide izateko aukera izatea, udal batzarraren errealitate politikoa errespetatuz.
-Zuzendaritza batzordearen erabakiak (aktak) publikoak izatea.
-Kontuak eta aurrekontuak publikoak izatea.
-Urteko jarduera orokorren programa udal batzarrak onartzea eta hor jasotzea, besteak beste: plantilletan egiten diren aldaketak, memoria, kontratazioak… Jardueren programa publikoa izatea.
Lekunberriko Taldeak ezezkoa eman zion gure proposamenari eta ontzat eman zuen urrian aurkeztu zuen estatutu proposamena. EHBildutik irakurketa kritikoa egiten dugu Estatutu horien inguruan: eredua erabat presidentzialista da, alkateari ematen dio botere guztia, gardentasuna bermatzeko kontrol neurriak minimoak dira eta EHBilduri ukatu egiten zaio klubean parte hartzeko aukera.
Estatutu horien ondorioz, Lekunberriko Taldeak klubaren kontrola izango du, eta bestelako eredu baten alde egin dezaketen ahotsak klubetik kanpo bidaltzeko aukera du.
Azken boladan, “Herri Bat Talde Bat” leloa erabiltzeari ekin dio klubak; herriaren eta klubaren arteko harremanak gardentasunean eta irekitasunean oinarritu behar duela uste EHBilduk, baina, tamalez, eredu hori baztertu egin du Lekunberriko Taldeak. Eredu erabat presidentzialista ezarri du kluberako, eta horrek mugatu egiten du Lekunberriko herriak duen aniztasuna.