Orain aste batzuk Lekunberriko Taldeak autokarabana, karabana eta etxebizitza-ibilgailuen eremua arautzen duen ordenantza aurkeztu zuen Udalean. Ordenantza horren bidez, herritarren kexei erantzun nahi zitzaien, ibilgailu horiek non aparkatu behar duten arautuz eta kanpaldi librea debekatuz. EHBildutik kontrako bozka eman genuen eta hauek izan ziren gure argudio nagusiak:
- Zerbitzua jarriko den lurra jabetza pribatukoa da, eta ez dago erabat urbanizatuta eta bukatuta. Adibidez, farolak ditu, baina erabat hondatuta daude. Nork konponduko du eremu hori? Nor arduratuko da instalazio horren kostuaz? Eremu horretan edozein gorabehera gertatuz gero, nor izango litzateke erantzulea? Lursail horren urbanizazioa nori dagokion galdetu dugunean, Alkatetzatik ez dugu erantzunik jaso.
- Gaur egun, lursaila ez dago prestatuta autokarabana, karabana eta etxebizitza-ibilgailuentzako aparkalekua egiteko. Adibidez, ez dauka ur zikinak biltzeko azpiegiturarik, sarrerak eta irteerak ez ditu inork kontrolatzen, zaborraren kudeaketa nola egin behar den ere ez da zehaztu… Gunea egokitzeko, dagokion proiektua egin beharko litzateke. Alkateari alderdi garrantzitsu horiei buruz galdetu diogunean, ez zaigu informazio argigarririk eman. Beraz, zerbitzu batzuen publizitatea egin arren, zerbitzu horrek gaur egun ez lituzke beteko autokarabana, karabana eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzugune baterako eskatzen diren gutxienekoak.
-Onartu den ordenantzak ez du aurreikusten inolako tasarik, nahiz eta erabiltzaileek zerbitzu bat jasoko duten; ondorioz, lekunberriarrek ordaindu beharko dute zerbitzuak sortzen dituen kostu guztiak, eta hori ez zaigu bidezkoa iruditzen. Gure ustez, zerbitzuak tasa bat eduki beharko luke gastuei erantzuteko.
-Azkenik, arazoa konpontzeko, EHBildutik proposatu genuen trafiko ordenantza bat egin behar zela, eta aparkalekuen kudeaketa modu integralean landu, baina Lekunberriko Taldearen ezezkoa jaso genuen. Azpimarratzekoa da, gainera, ordenantzak ez duela arazoa konpondu, eta uda honetan edozein tokitan aparkatzen jarraitu dute autokarabanak. Hori ikusita, bizilagun batzuek beren kexa helarazi digute. Asteburu honetan, adibidez, 6 autokarabana zeuden Beigorri parkearen inguruan.
EHBildu-k uste du ordenantza honek ez dituela konpontzen autokarabanekin ditugun arazoak; izan ere, batetik, gaur egun kokalekua egoera irregularrean eta behar bezala egokitu gabe dago; eta, bestetik, herriko trafikoaren antolamenduari ez zaio erantzuten modu integralean.