Legebiltzarra

Lotsagarria da Jaurlaritzak sistematikoki patronalaren interesak babestea, langileen aurka

EH Bilduk Urkulluren zinismoa salatu du. “Kalitatezko enplegua sortu beharra aldarrikatzen du, baina jarraian prekarietatea bultzatzen dutenen alde agertzen da, oraingoan Metaleko greban egin duen bezala”.

| 2019-10-01 14:16:00

EH Bilduk lotsagarritzat jo ditu Urkullu lehendakariak eta Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Bizkaiko Metaleko osoko grebari buruz egin dituzten balorazio politikoak, “ohi bezala, patronalaren alboan lerrokatu direlako eta haren interesak babesteari ekin diotelako, langileen aurka”. Iker Casanovak salatu duenez, “Urkullu patronalaren bozeramailerik onena bilakatu da beste behin, negoziazio kolektiboan Gobernuak errespetatu eta zaindu behar duen neutraltasun printzipioa goitik behera urratuta”. EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioan Jaurlaritzak neutrala izan behar du berez, baina Urkulluren gobernuak, oinarrizko printzipio hori errespetatu beharrean, patronalarekin bat egiten du sistematikoki eta langileen aldarrikapenak mespretxatzen ditu”. Horren ildotik, Casanovak PSEren posizioa ere kritikatu du: “EAJren morroi aritzen da, isilik, agintzen duenari hitzik esan gabe, aulki batzuen truke ezkerreko baloreak alde batera utzita”.
Casanovak Urkulluren diskurtso zinikoa salatu du, “kalitatezko enplegua sortzea ezinbestekoa dela esan eta bost minutura kapaza delako lanpostu duinen alde mobilizatu diren langile eta sindikatuei bizkarra emateko eta prekarietatea bultzatzen duen patronalari bere Gobernuaren babes politiko osoa eskaintzeko. Hitzez, enplegu duina aldarrikatzen du, baina praktikan kontrakoa egiten du, prekarietatea sustatzen dutenen interesak eta mezuak defendatzen dituelako. Horri zinismoa esaten zaio”.
 

EH Bilduk proposatu du Legebiltzarrak Zaldunbordako proiektua bertan behera utz dezatela eskatzea

“Hondarribiko alkateak, EAJkoak, baimendutako proiektua saltoki handiak mugatzeko legearen helburuen aurka doa, interes pribatuen mesedetan”, salatu du Iker Casanovak. “EAJ barruan ere piztu dituen kritika eta tirabirek agerian uzten dute proiektuaren izaera polemikoa eta desegokia”.

| 2019-09-27 14:38:00

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrak ofizialki eska dezan Zaldunbordan (Hondarribia) makro-outlet bat eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko eta instituzioek bide legal guztiak jorra ditzaten egitasmo hori gelditzeko, besteak beste, “eskualdeko merkataritza txikia desagertzeko bidean kokatuko lukeelako”, Iker Casanovak ohartarazi duenez.
Hondarribiko Udalak –EAJk gehiengo osoa du bertan– 28.000 metro koadroko outlet proiektua abian jartzeko dekretua onartu zuen maiatzaren 26an, hain justu Legebiltzarrak aho batez saltoki handiak mugatzeko legea onartu bezperan. Casanovaren iritziz, “horrek, dekretua presaka eta korrika onartzeak, frogatzen du Hondarribiko Udalak legearen efektu murriztaileak saihestu nahi izan zituela, ondo baino hobeto zekielako behin legea onartuta outlet hori ezinezkoa izango zela; hau da, bere dekretua biharamunean onartu zen legearen helburuen aurka doa, Parlamentuan lortu genuen aho bateko akordio politikoaren kontra. Finean, EAJko alkateak interes ekonomiko pribatuak Legebiltzarraren borondate demokratikoaren gainetik ipini ditu”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, Hondarribian bertan oposizioko talde guztiak proiektuaren kontra agertu dira, makro-outlet horrek eragingo dituen kalteak zuzenean pairatuko dituen ondoko udalerrian, Irunen, alegia, oposizioa erabatekoa da, EAJ barne, eta Gipuzkoako Aldundian ere Sustapen Ekonomikorako diputatu jeltzaleak aitortu du ez duela gustuko proiektua. “Bistakoa da EAJ barruan ere proiektuak kritikak, tirabirak eta desadostasunak sortu dituela, eta horrek argi uzten du proiektua polemikoa ez ezik, desegokia eta kaltegarria ere badela”. Horren haritik, azaldu du Casanovak, “Zaldunbordako egitasmoak trafiko arazoak areagotuko ditu zonaldean, sekulako kolpea izango da eskualdeko merkatari txikientzat eta hiriguneak husteko joera areagotuko du, lurralde antolaketa orekatua eragotziko du eta balio naturalak ere suntsituko ditu”.
 

ALBISTEAK

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak bat egingo du bihar Torturaren Biktimei Laguntzeko Egunarekin

2020-06-25 11:47:00

Legebiltzarrak torturaren aurkako kartela jarriko du lehen aldiz fatxadan, torturaren biktimak aitortu eta pairatu duten bidegabekeria salatzeko.

Jaurlaritzak ebidentzia onartu eta atzera egin behar izan du enplegu erregulazio sariak osatzeko

2020-06-18 17:39:00

EH Bilduk gogora ekarri du osagarri hori proposatu zuela Legebiltzarrean eta EAJ eta PSE kontra agertu zirela. Denbora alferrik galdu dute horren ondorioz eta anbizio gutxiko neurria iragarri dute orain, aldi baterako enplegu erregulazioan egon diren eta dauden milaka langile kanpo utzita.

EAJ eta PSEk Legebiltzarra barik gobernatzea erabaki dute haientzat oztopo bat delakoan

2020-06-11 13:13:00

EH Bilduk oposizioaren proposamenak ia sistematikoki blokeatzea eta isilaraztea egotzi die EAJ eta PSEri. Ez dute Diputazio Iraunkorrak euren politiken gabeziak agerian uztea nahi eta gaur datorren ikasturtearen planifikazioaz eta Osakidetzako Lehen Arreta indartu beharraz eztabaidatu ahal izatea galarazi dute.

Montai auziak erakusten du EAJren karneta edukitzeak abantailak ematen dituela kontratu publikoak lortzeko orduan

2020-06-09 12:29:00

“Herri duin batean ezin da pentsatu normala dela, eta are gutxiago onargarria, gobernuan dagoen alderdikoa izateagatik erraztasunak izatea Administrazioarekin kontratatzeko”. EH Bilduk azalpenak eskatu ditu Legebiltzarrean Montai Taldeari esleitutako kontratuei buruz.