EH Bilduk Olarizuko osasun zentro berriaren proiektuaren idazketa lehenbailehen hasteko eskatu die Osakidetzari eta Osasun Sailari Legebiltzarrean, baina EAJk eta PSEk Rebeka Uberak egindako proposamenaren kontra bozkatu dute, martxoan Gasteizko Udalean ere egin zuten bezalaxe. Legebiltzarkide independentistak gogorarazi du Gasteiz hegoaldeko anbulatorio berriaren proiektuaren idazketa lanak ez direla 2031ra arte hasiko, Osasun Sailaren azpiegitura eta ekipamendu sanitarioen 2025-2032 programaren arabera, eta ezinbestekotzat jo du epe hori ahalik eta gehien laburtzea, gaur egun Olarizuko anbulatorioa saturaturik dagoelako, Adurtza, San Cristobal, Olarizu, Salbatierrabide eta Goikolarrako biztanleria, 20.000 pertsonatik gora, behar bezala artatu ezinean.
Gasteizko Udalak lursail batzuk eskaini dizkio Osasun Sailari, anbulatorio berria eraikitzeko, baina guztiak Goikolarran, Adurtzatik eta San Cristobaletik urrun; hau da, erabiltzaile gehien bizi diren kaleetatik urrun. Bada, osasun zentro berria “arreta emango duen zonaldearen erdigunean kokatzea” eskatu du Uberak, baina horren kontra ere bozkatu dute EAJk eta PSEk.
Hori guztia dela eta, EH Bilduk gobernukideen erantzuna deitoratu du, Gasteiz hegoaldeko bizilagunei bizkarra ematen ari zaizkielako. Izan ere, Adurtza, Goikolarra, San Cristobal eta Olarizuko auzokideek urteak daramatzate anbulatorio berria eskatzen, gaur egun Heraclio Fournier kalean dagoena txiki geratu delako, osasun arreta egokia emateko gaitasunik gabe, eta arazoa larriagotzen ari da egunez egun, Gasteiz hegoaldean izaten ari den hazkundearen ondorioz. Horren haritik, Rebeka Uberak auzo-elkarteen lana goraipatu du, euren borrokaren ondorioz Osasun Sailak onartu behar izan duelako anbulatorio berri baten beharra egon badagoela, duela urtebete eskas, 2025eko apirilean, ukatu egiten zuena, alegia.