Jaurlaritzak Pasaiako Portuaren behin betiko eskumena gureganatzeko beharrezko pausoak lehenbailehen eman ditzala eskatu du gaur EH Bilduk Legebiltzarrean, baina, ulertezina bada ere, EAJk bat egin du azpiegitura horren transferentziaren kontra dagoen PSErekin, eta biek ala biek koalizio independentistaren mozioaren aurka bozkatu dute. Lidergo falta egotzi die Ander Goikoetxeak jeltzaleei, eta ohartarazi du EH Bilduk ez duela onartuko “Pasaia beste hamarkada batez geldialdian egotea Madrilen zain”, bertako portuak “gobernantza demokratikoa, udalerrien erabakimena eta autogobernua behar dituelako”.
Pasaiako portuaz hitz egitea Euskal Herriko ekonomiaz hitz egitea dela gogorarazi du Goikoetxeak, eta premiazkotzat jo du horren gaineko kudeaketa EAEko erakundeen eskuetara pasatzea, azken urteotan murgildurik dagoen “egiturazko geldialdi egoeratik ateratzeko”. Izan ere, “hau ez da soilik aldarrikapen politiko bat, efizientzia eta eredu kontu bat da, gaur egungo sistemak erabakiak blokeatzen dituelako”, proiektuen garapena etengabe atzeratuz eta Pasaiako badia osoaren garapena oztopatuz.
Halaber, EH Bilduko legebiltzarkideak PSEk transferentziaren kontra erabiltzen dituen argudioak gezurtatu ditu. “Hemen abertzale espainiarrek diote portuak interes orokorreko izaera galtzeak nazioarteko trafikoa edo mugako zerbitzuak galtzea ekarriko lukeela, baina hori gezurra da, Konstituzio-doktrinaren arabera, portu bat Estatuari esleitzea ez dagokiolako bertan garatzen den jarduera motari, ezta bere nazioartekotzeari ere. Eta horren adibide ugari daude: Ayamonte eta Torreviejako portuek, desklasifikatu ostean ere, nazioarteko trafikoarekin jarraitzen dute, eta Garruchakoa, Almerian, Andaluziako Juntak kudeatzen du, ez da interes orokorrekoa, baina Pasaiako trafikoa bikoizten du eta 32 estaturekin ditu esportazio-inportazio harremanak. Beraz, argi dago eskumena gurea izateak ez duela nazioarteko operadoreen konfiantza kaltetuko; hurbiltasunak kudeaketa hobetuko du”.
Espainiar Estatuak Pasaiako portua abandonaturik daukala salatu ostean, Goikoetxeak ezinbestekotzat jo du azpiegitura hori “guk geuk kudeatzea, haren bideragarritasun finantzarioa euskal administrazioen eskutik bermatzeko”. Horren haritik, ‘Etorkizuneko Badia’ EH Bilduren proiektuaren ildo nagusiak gogorarazi eta azpimarratu ditu: