Jaurlaritzak aurkeztutako Euskararen Plan Estrategikoa, 2030era bitartean garatu beharrekoa, izan du gaur eztabaidagai Legebiltzarrak. EH Bilduk 16 proposamen mahaigaineratu ditu, plana hobetu eta hainbat gabezia zuzentzeko asmoz, baina EAJk eta PSEk guzti-guztiak bota dituzte atzera. Josu Aztiriak gobernukideen jarrera kritikatu du horregatik, alde batetik “euskara guztiok behar gaituen herri erronka dela esaten zaigulako, baina gero, bestetik, EH Bildurekin ezer ez adosteko estrategia bat dagoelako”.
Estrategia horren ondorioz, EAJk eta PSEk ezezkoa eman diote, besteak beste, euskara ikastea eragotzi dezaketen faktoreak (ekonomikoak, denborazkoak, kulturalak, etab.) gainditu eta euskara ikasteko eskubidea unibertsalizatzeari, 16 urtez azpikoen aisialdi antolatuan euskara ohiko hizkuntza bilakatzeari eta hizkuntza politikaren aurrekontua Jaurlaritzaren aurrekontuaren %2ra igotzeari. EH Bilduren aurkako estrategia hori muturreraino eramanda, gizarte-, kirol- eta kultur-egitasmoetan euskara nagusi izan dadin, Jaurlaritzak neurriak proposatzearen kontra ere agertu dira.
Aztiriaren esanetan, “estrategia horren emaitza lehentasunak eta apustu nagusiak zehazten ez dituen Plan Estrategiko bat da, inertziak bultzatutakoa, euskarak une honetan behar duen jauzia inon jasotzen ez duena. Lehendakariak hitz egin du euskararen jauziaz, baina Jaurlaritzaren plan hau irakurrita, bistakoa da jauzia eslogan hutsa baino ez dela, atzean ezer ez daukana, hain justu jauzi horren behar handiena dagoen unean”.
Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak funtsezkotzat jo du hizkuntza politika norabidetzea, “batetik, norbanakoak euskalduntzeko, euskal hiztun kopurua nabarmen handitzeko, eta, bestetik, euskara ohiko hizkuntza izan dadin Administrazio Publikoan eta 16 urtez azpiko haur eta nerabeen aisialdi antolatuan, alor horietan baldintza guztiak ditugulako euskara hegemonikoa izan dadin”.