Legebiltzarra

EH Bilduren ekimenez, kooperatiben organo gorenek parekideak izan beharko dute legez

Legebiltzarrak Kooperatiben Legea onartu du gaur arratsaldean batzordean. Larraitz Ugarteren ustez, “emakumeek botere guneetan sarbidea izatea ezinbestekoa da parekidetasun errealera iristeko”.

| 2019-11-27 18:07:00

Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeak Kooperatiben Lege berria onartu du gaur arratsaldean, datozen asteotan Osoko Bilkurak behin betiko onartuko duena. EH Bilduk aldeko botoa eman du, gainerako taldeek koalizioak ezinbestekotzat jotzen zuen zuzenketa onartu ostean. Larraitz Ugartek azpimarratu duenez, EH Bilduk hala proposatuta, “hemendik aurrera kooperatiben kontseilu errektore guztietan, hau da, kooperatiben administrazio organo gorenetan, emakume eta gizonen ordezkaritza parekatuta izango dugu”. Ugarteren iritziz, “aurrerapauso garrantzitsua eman dugu, eta aurrerantzean ere beste urrats batzuk emango ditugu, parekidetasuna ez delako eskolan edo toki txikietan bakarrik egiten den zerbait; emakumeok ditugun kristalezko sabaiak gainditu behar ditugu eta botere guneetan sarbidea izatea ezinbestekoa da benetan egunen batean parekidetasun errealera iristeko”.
Kooperatibek beraiek legearen beharra aspaldidanik aldarrikatu dutela gogorarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta azaldu du lege berria behar-beharrezkoa dela legedia kooperatibek egun dituzten beharretara egokitzeko, gaur egungo egoerak ez baitu zerikusi handirik 1993koarekin, egun indarrean dagoen legea onartu zen urtekoarekin, alegia.
Lege berriak kooperatiben babes legala hobetuko du, esan du Ugartek, eta EH Bilduk horregatik eman du aldeko botoa, baina horrek ezin du ezkutatu –ohartarazi du– oraindik duen gabezia, kooperatibek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu gabe jarraituko baitute. EH Bilduk kooperatibismoak Lanbiden egoteko duen eskubidea defendatu du behin eta berriz tramitazioan zehar, baina EAJ, PSE eta PPk men egin diote Confebaski eta aukera hori baztertu dute.
 

DBEren erreformaren tramitazioak aurrera egingo du Podemos eta PPk erretiratzeko eskatzeari uko egin diotelako

EH Bilduren iritziz, Podemosen ezezkoa ulertezina da duela hilabete baino gutxiago EAJ-PSEri erreforma erretiratzeko espresuki eskatu zielako Legebiltzarrean. “Aurrekontuen negoziazioan ordaintzeko prest dagoen prezioaren zati bat da”.

| 2019-11-27 14:30:00

EH Bilduk EAJ eta PSE Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) erreforma erretiratzera behartzeko proposatu zien urrian oposizioko beste talde parlamentarioei, Zehazki, Legebiltzarrean inoiz erabili ez den mekanismo bat erabiltzea proposatu zien Podemos eta PPri: Erregelamenduaren 152. artikulua aktibatzea, tramitatzen ari den lege proposamen bat bertan behera uztea ahalbidetzen duena, alegia. Hala ere, ez Podemosek ez PPk ez diote erantzun positiborik eman koalizioaren gonbite horri eta, ondorioz, DBEren erreformaren tramitazioak aurrera egingo du, nahiz eta azken hilabeteotan Legebiltzarrean horren inguruan iritzia eman duten gizarte eragileek eta erakundeek ohartarazi duten EAJ-PSEk sustatutako erreforma oso kaltegarria izango dela DBE jasotzen duten herritarrentzat. Are gehiago, sindikatuek eta Hirugarren Sektoreko Sozialeko Sareek ere erreforma erretiratzeko eskatu zuten Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunean, urriaren 17an.
EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak gogora ekarri du Podemosek erreforma hori erretiratzea espresuki eskatu zuela urriaren 31ko Osoko Bilkuran. Hori dela eta, “ulertezina eta inkoherentea da, batez ere, Podemosen posizioa, duela hilabete baino gutxiago erreforma erretiratzeko eskatu zielako EAJ eta PSEri eta orain, aldiz, uko egiten diolako eskakizun hori formalki egiteari; hau da, eskubide sozialak murrizten dituen erreforma bat bertan behera uztea ekar dezakeen ekimen parlamentarioa aurkezteari”. Kortajarenaren irudiko, “Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma erretiratzeko eskatzeari Podemosek orain ezezkoa emateak azalpen posible bakarra du: aurrekontuen negoziazioan ordaintzeko prest dagoen prezioaren zati bat da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du DBEren erreformak, onartzekotan, ondorio larriak izango dituela errenta hori kobratzen duten herritar guztientzat eta, bereziki, indarkeria matxistaren biktimentzat. “EAJ eta PSEren erreformak ezin du aurrera egin, indarkeria matxistaren biktimak babestu baino, gero eta babesgabeago uzten dituelako, errealitate horren inguruko irakurketa murritza eta baztertzailea egiten baitu, VOXen terminologia onartzeraino, indarkeria matxistaz hitz egin beharrean, indarkeria infrafamiliarraz hitz egiten dute eta”.
 

ALBISTEAK

EH Bilduren bi lege proposamen eztabaidatzeari uko eginda, Lakuak elkarlanean aritzeko borondate falta agerian utzi du berriz ere

2020-10-13 15:16:00

Jaurlaritza ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeari eta euskara doan ikasteko eskubideari buruzko legeak tramitatzearen aurka azaldu da. EH Bilduren iritziz, “atzerapausoa nabaria, larria eta adierazgarria da, pasa den legealdiak bi proposamenak tramitera onartu zirelako”.

Osasun Sailak azalpenak eman behar ditu Tolosako Asuncion klinika konfinatzeko erabakiaz

2020-10-10 12:26:00

Ibai Iriartek gertaturikoa larria dela eta Tolosaldeko herritarrentzat ondorio negatiboak dituela ohartarazi du. Argibideak eskatu dizkio jada Lakuari. Kasu hau osasun zerbitzu publikoak esku pribatuetan uztearen ondorio da eta eskualdeak ospitale publikoa behar duela frogatzen du.

EH Bilduk mozioa aurkeztu du Urkulluk atzera egin eta Emakunde Lehendakaritzara itzul dadin

2020-10-02 15:43:00

Oihana Etxebarrietaren irudiko, Emakunden eginiko akatsa zuzentzeko aukera galdu du gaur Urkulluk, feminismotik aho batez eginiko kritikei muzin egin baitie.

Pandemiaren ondorioz lan erregulazioan sartu diren langileen %4k soilik kobratuko lukete gaur Jaurlaritzaren laguntza

2020-09-30 16:04:00

EH Bilduren ustez, onartezina da Lakuak laguntza hori oraindik ordaindu gabe jarraitzea. Osagarria 7.800 langile ingururi ordaintzeaz ari da Urkulluren Gobernua, baina 200.000 inguru dira lan erregulazioan egondakoak. Premiazkoa da laguntza horiek hobetzea eta zabaltzea.